Itxi

telebista

Ostiral honetan

Lau t'erdiko txapelketa aztergai, dokumental berezi batean

A.A.

EITB

Olaizola eta Irujoren arteko finalaren atarian, kaiola deitutako espezialitatearen jokoa aztertuko dute bi finalistek, azken urteetako txapeldunek eta zenbait adituk.

  • Pilota. Argazkia: EITB

    Pilota. Argazkia: EITB

Pilota zaleen artean ikusmin handia piztu ohi du Lau T'erdiko Txapelketak, kaiola izenez ere ezaguna denak. Aurten, ikusnahia are handiagoa da, finalak izan dituen atzerapenengatik. Egungo bi pilotaririk onenak, Aimar Olaizola goizuetarra eta Juan Martinez de Irujo iberotarra, izango dira aurrez aurre igandeko finalean. Egun handiaren atarian, txapelketa honen barrunbeak arakatuko ditu Euskal Telebistak Lau t'erdi barruan izeneko dokumentalaren bidez. Ostiralean, 21:30ean, izango da ikusgai.

Lau t'erdian esku pilota izugarrizko ikuskizun bihurtzen da; grina handia pizten du, pilotarien artean ez ezik, zaletuen artean ere bai. Zeintzuk dira kaiola deritzon espezialitate honen ezaugarriak? Zerk bereizten du lau t'erdian egindako jokoa eta pilotaleku osoan egiten dena? Sakea, aire jokoa, berariazko prestakuntza...

2011ko finalistek eta azken urteetako txapeldunek azalduko dute esku pilota modalitate honen arrakastaren muina: jokoaren xehetasunak aipatuko dituzte, sakeak eta aire jokoak duen garrantzia azpimarratuz, eta pilotariaren trebetasuna ere nabarmenduko dute. Olaizola II.a eta Irujorekin batera, Abel Barriola, Yves Sallaberry Xala, Augusto Ibañez Titin III.a, Julian Retegi, Patxi Eugi, Ladis Galarza, Fernando Arretxe, Mikel Unanue eta Jorge Nagorek hartuko dute parte Lau t'erdi barruan dokumentalean.

Hainbat aditurekin ere mintzatuko dira. Lau t'erdi barrukoak eskatzen duen indar eta abiadurak giza gorputzarengan duen eraginaz mintzatuko da Ander Letamendia kirol medikua. Bestalde, lehenagoko eta gaur egungo piloten arteko desberdintasunak azalduko ditu Ander Ugarte pilota egileak.

Lau t'erdiko modalitatearen historia ere gogora ekarriko du ETB-1ek eskainiko duen dokumental honek: nola sortu zen eta lehenengo txapeldunak zeintzuk izan ziren. Halaber, 1997ko final gogoangarriko irudiak erakutsiko dituzte. Retegi II.aren eta Titin III.aren arteko neurketa historiako finalik garrantzitsuena
bilakatu zen.

Orduz geroztik ere izan dira txapela altxatzeko moduko finalak eta argi geratu da txapelketa honetan jaun eta jabe direla aurtengo bi finalistak: Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo. Bataren zein bestearen ezaugarriak aztertuko dituzte igandeko final handiaren atarian.