Itxi

telebista

22:30ean

Lombardiako txokorik ederrenak, gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioan

EITB Media

Mirene, Mikel, Sara eta Nagore anfitrioien eskutik ezagutuko dute ikus-entzuleek Italiako lurralde hau.

  • Belaontzia Iseo lakuan

    Belaontzia Iseo lakuan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Lombardia Italiako eragile ekonomikoa da, eta herrialde osoa osatzen duten hogei eskualdeetatik jendetsuena. Joana Etxabe erreportaria eta Jorge Torres kameraria pastaren, ardoaren eta gorgonzolaren lurraldera joango dira Mirene, Mikel, Sara eta Nagore protagonistak bertan nola bizi diren ikustera.

Lehen anfitrioia Nagore izango da. Bere etxeko ateak irekiko dizkie, bere bikotekidea eta lagun taldea aurkezteko. Ondoren, belaontzian Iseo lakuan nabigatuko dute; Lonbardiako ardo tipikoaren sekretuak ezagutuko dituzte, Magentako guduaren bitxikeriak ikasiko dituzte eta Bergamo hiria bisitatuko dute.

Mirene, saioko bigarren protagonista, Monzan bizi da, 1 Formularen hirian. Hasteko, Italiako 1 Formulako zirkuiturik garrantzitsuenera eramango ditu; ondoren, Europako laugarren parkerik handienean osteratxoa egingo dute eta Italiako txanoak nola sortzen diren ikusiko dute. Eta, bukatzeko, pizzoccheri izeneko pasta eta tiramisu ikusgarria dastatuko dituzte.

Mikelek ere, Milanen duen etxeko ateak irekiko dizkie bere familia ezagutzera emateko, eta, gainera, Milango risotto tipikoa prestatuko du afaltzeko. Bizikleta hartu eta hiriko bazterrik interesgarrienak bisitatuko dituzte ondoren. Bukatzeko, dorre batera igoko dira, metropolia airetik miresteko.

Azkenik, Sarak Cremona erakutsiko die. Stradivarius ezagunak bertan sortu ziren. Gainera, turroi tradizionala probatuo dute, XV. mendean sortutako gozoki honen sorlekua ere badelako hiri hau. Horrez gain, Italiako baserri batera joango dira, eta ohiko pasta betea eta Lombardiako gaztak dastatuko dituzte. Landetxe honetan, gainera, alpakekin ibilaldia egingo dute.

"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.