Itxi

telebista

Igandean ETB-1en

Aitor Elizegi sukaldariaren bizitzan egun bat, 'Barrutik' saioan

A.H.

EITB

Iban Bengoetxea kazetaria sukaldariarekin egongo da egunbetez egiten duena erakusteko

  • 'Barrutik'. Argazkia: EITB

Igande honetan, Euskal Telebistak Aitor Elizegi, euskal  sukaldari nabarmenetarikoari buruzko  'Barrutik' saio berezia eskainiko du. Iban Bengoetxea kazetariaren eskutik, Bilboko Bascook jatetxearen sukaldaria gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, berarekin egun osoa igaroko baitu erreportariak. Zer egiten du sukaldari batek sukaldetik kanpo dagoenean? Nolakoa da bere eguneroko bizitza? Zer egiten du bere denbora librean? Sukaldean aritzen da ala ez da aritzen?

Goizean esnatu eta umeak Mungiako eskolara eramango ditu Aitor Elizegik eta ondoren, emaztea lanera ere eramango du. Ondoren, elkarrekin gosalduko dute Iban eta sukaldariak Zamudioko Gaminizen. Bertan, hornitzaileak hartuko ditu  eta bere anaiarekin eguna antolatuko du. Gauzak antolatuak dituela, Bascookera joango da, langileekin biltzera, hauekin eguneko platerrez eta jatetxearen blogaz hitz egitera.

Hala ere, Bascookean laster hasiko da lana martxan eta sukaldea mugimenduz beteko da. Iban Bengoetxeak sukalde barrura sartu eta plater ezberdinak prestatzen lagunduko du. Jatetxean eguerdian dagoen lanaren lekuko izango da: jendea hartu, agurtu, bazkaria zerbitzatu eta sukaldea itxi arte langileen artean ibiliko da kazetaria.

Bazkarien ordua amaitzean, Aitor Elizegi sukaldariarekin lasaiago hitz egiteko tartea izango du Ibanek. Panko kafetegian kafetxo bat hartuko du berarekin, eta bertan, sukaldariaren aholkulariarekin bilduko dira. Ondoren, lagun ezkutuaren oparia erostera joango dira.

Arratsaldeko azkeneko ordutarako, Gescrap Bizkaia eta Caja Laboral taldeen arteko saskibaloi partida ikusteko asmoa dauka Elizegik eta familiarekin Bascooken elkartu ondoren, tranbia hartuko dute elkarrekin Miribillara joateko. Saskibaloi partiduan hainbat pertsonaia ospetsu agurtuko ditu Aitor Elizegik.

Partidaren ondoren, Bascookera itzuli eta afaria prestatzen hasiko da Elizegi. Eguna amaitzear dago eta Iban sukaldariaren martxa jarraitu ezinean dabil.

'Barrutik'  igande honetan eskainiko da 21:00etik aurrera, ETB-1en.