telebista
Zientzia eta teknologia
'Gidatutako ebakuntzak' 'Teknopolis' saioan, aste honetan
A.E.
EITB
Gertutik tartean Arkaitz Carracedo ezagutuko dugu
-
Oihana Jauregi. Argazkia: EITB
Errepideetan nora joan jakiteko erabiltzen den GPSaren antzera, medikuntzan ere badira ebakuntzak egiteko nabigazio-sistemak. Horri buruz arituk dira 'Teknopolis' saioan Gidatutatako ebakuntzak erreportajean. Kirurgia nabigatua deritzo teknologia hori erabiliz ebakuntza egiteko moduari, eta gailu horrek kirurgialariaren pauso eta mugimendu guztiak gidatzen ditu. 2012ko 'Teknopolis'en lehen programan ebakuntza-gelara sartuko dira, kirurgia nabigatuak nola funtzionatzen duen ikusteko. Aldakako protesi bat ipiniko dute teknologia horren laguntzaz. Irudietako batzuk gordin samarrak dira.
Vlog tartean cloud computing-ari buruz arituko dira. Informatikaren arloan, cloud computing edo hodei-konputazioa esaten zaio informazioa Interneteko zerbitzarietan, hau da, gure ordenagailutik kanpo, gordetzeari.
Gertutik tartean, berriz, Arkaitz Carracedorekin egongo dira. Bilbotarra da zientzialari hau, baina hamar urte luze eman ditu Amerikako Estatu Batuetan bizitzen. Iaz itzuli zen Euskal Herrira, eta Biogunen ari da lanean, Ikerbasqueko ikerlari moduan. Zelula arrunten eta minbizi-zelulen artean dauden ezberdintasunak aztertzen ditu, etorkizunean terapia berriak bilatu ahal izateko. Ondo daki, ordea, oraindik bide luzea dagoela egiteko.
'Mugako Zientzia' da ekitaldiaren izena, eta orain dela egun gutxi antolatu zuen Donostia International Physic Centerrek. Punta-puntako gonbidatuak izan zituzten topaketetan, besteak beste, nazioartetik etorritako Albert Fert eta Claude Cohen-Tanoudji Nobel saridunak, baita Juan Ignacio Cirac fisikaria ere. Egin zituzten hitzaldi eta mahai-inguruetan, zenbait zientzia-arlotako gaiak gizarteratu zituzten. Baina hiru zientzialariek gehiagorako denbora ere izan zuten, eskola batzuetako gaztetxoekin elkartu baitziren Eureka Zientzia Museoan eta programako kamerek elkarri egindako galde-erantzunak jaso zituzten.
'Teknopolis' saioa ETB-2n izango da ikusgai igandean, 10:30ean eta ETB-1en 15:20ean.