telebista
Oihana Jauregik aurkeztuta
Haurren obesitateaz, igandeko 'Teknopolis' saioan
A.A.
EITB
Elhuyarren zientzia eta teknologia saioa 10:45ean izango da ikusgai ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en
-
'Teknopolis', Oihana Jauregi. Argazkia: EITB
Haurren obesitateari aurre egiteko Gasteizen abian jarri duten proiektu bat aurkeztuko du aste honetako 'Teknopolis' saioak. Haur eta gazteak elikadura osasuntsuaren bidean jartzeko informazio-tailerrak antolatu dituzte. Izan ere, lurralde txiroenetan milaka pertsona hiltzen dira gosez eta, bitartean, herri aberatsenetan obesitatea da izurrite nagusietako bat. Hiru hamarkadetan, bikoiztu egin da gaitz hori munduan eta gaur egun, 10 pertsonatatik bat obesoa da. Etxeko txikienek ere pairatzen dute gaitz hori eta geroz eta gehiago dira gehiegizko pisua duten umeak.
Elkarrizketaren tartean Fernando Cossio Ikerbasqueko presidentea izango dute gonbidatu. Euskadin zientzia-ikerketa sustatzea du helburu Ikerbasque agentziak. Eta jarduera horren barnean, zientzia-ikerketak Euskadin duen egoerari buruzko diagnosia kaleratu zuten orain dela aste gutxi. Euskadin egiten den zientzia-ikerketaz mintzatuko dira Cossiorekin.
KTEK tartean arku-tiroa izango dute hizpide. Kirol oso ezaguna ez den arren, Euskal Herrian talde asko aritzen dira jarduera horretan. Elixabet Luengo durangarra dugu horietako bat. Sei urte zituenetik aritzen da arku-tiroan.
Amaitzeko, urrea zer den azalduko dute minutu eta erdiko bideo batean.
'Teknopolis' igandean 10:45ean dago ikusgai ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en, Oihana Jauregik aurkeztuta.