telebista
Lehiaketa
'Mihiluze Traka', larunbatetik aurrera ETB-1en
A.E.
EITB
Hiru gonbidatu ezagun, hiru lehiakide mihiluze-rekin jarriko dituzte. Lehenengo saioan, hiru pilotari: Oinatz Bengoetxea, Koteto Ezkurra eta Mikel Goñi.
-
'Mihiluze Traka', Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz. Argazkia: EITB
Urtarrilaren 21etik aurrera larunbat gauetan 'MHLZ Traka' emango da ETB-1en, 21:30ean, luxuzko gonbidatuekin eta mihiluze trebeekin jolasteko. Lehen programan goi-mailako hiru pilotari hartuko dituzte: Oinatz Bengoetxea, Koteto Ezkurra eta Mikel Goñi. Hauekin batera, lehen ere 'Mihiluze'n ibililtako Yolanda Larrañaga (Azkoitia), Katrin Ginea (Arbizu) eta Edoitz Bilbao (Arrieta). Hurrengo saioan, berriz, 'Goenkale'ko aktore gazteak izango dituzte: Maria Cruickshank, Joanes Passicot eta Amaia Ruiz.
Programa bakoitzean euren artean lotura estua duten hiru gonbidatu ezagunekin eta hiru lehiakide mihiluzerekin ariko dira jokoan Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano, betiko probez gain, Trakarako espresuki prestaturiko berrikuntzekin. Gonbidatu hauek botillero lana egingo dute lehiakideekin eta ahalik eta puntu gehien lortzen lagunduko diete. Larunbatero lehiakideek 5.000 euro irabazteko aukera izango dute.
Lehiakide guztiak 'Mihiluze'n parte hartutakoak izango dira, jada, 'Mihiluze Traka' edo estiloa dutenak: eskarmentua dutenak eta saria irabazteko aukerari esperientziaz ekingo diotenak.
Puntu gehien lortzen duen bikotea iritsiko da Zer da zer? finalera eta lortutako puntuak euro bihurtuko ditu. Eta gainera, asmatutako erantzun bakoitzarengatik 100 euro erantsiko dizkio kopuru horri. Eta zazpi kontzeptuak asmatuz gero, 5.000 euroko zakua irabaziko du.
Bikote bakoitzean, beraz, gonbidatu bat eta lehiakide bat elkartuko dira eta elkarren arteko kimikari ahalik eta zukurik handiena ateratzen saiatu beharko dute. Gonbidatuen alde ezezaguna ezagutuko dugu. Oraingo honetan lehiakideak ez du bere ohiko bikotekidearen babesa izango, baina hortxe du gonbidatua, beti laguntzeko prest.
Larunbatetako 'Mihiluze Traka' ere familia osoari zuzenduta dago, adin guztietako ikusleek jolastu baitezakete etxetik. Proba berriak ikusiko ditugu, gainera, benetako 'Mihiluze Traka' osatuz. Lehenaz gain, jolasteko eta gozatzeko aukera gehiago izango dugu.
Emaiozue! proban, gonbidatuen alderdi deigarri, ezkutu edo ezezagunekin jolastuko dira. Gonbidatuen inguruko galderak egingo zaizkie lehiakideei eta txikitako argazkien artean, zein den gonbidatuarena asmatu beharko dute.
Pareak bai! proban 6 hitzeko bi zerrenda emango zaizkie eta pare egokiak osatu beharko dituzte lehiakideek.
Egiaren bila da beste proba berria eta izenak adierazten duen bezala, esaldi batzuen artean zein den egia asmatu beharko dute. Kasu honetan eta Emaiozue!n, lehiakideak azkarrak izateaz gain, azkar mugitu beharko dute, sakagailuari ematen lehenak izango baitu erantzuteko aukera.