telebista
ETBK Sat eta ETB-1en
Muhammad Ali protagonista, ostiraleko 'Boxeo Izarrak' saioan
EITB
EITB
Boxeolari handiaren 70. urtemugaren karietara, bere borrokaldirik esanguratsuenak ari dira eskaintzen aste honetan
-
Muhammad Ali. Argazkia: www.ali.com
Muhammad Ali pisu astunen historiako boxeolari onenetarikoari eskainiko diote ostiral honetako 'Boxeo Izarrak' saioa, bere 70. urtemugaren karietara. Ohikoa baino luzeagoa izango da Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duen programa eta 23:00etan izango da ikusgai ETBK Sat-en eta 00:40ean ETB-1en.
Sonny Listonen kontra jokatutako lehen eta bigarren norgehiagokarekin hasiko dira eta horren ondotik, Zora Folley, Jerry Quarry, Oscar Ringo Vonavena, Ken Norton eta George Foreman aurkari izan zituenekoak emango dituzte.
Muhammad Alik ibilbide oparoa osatu zuen pisu astunen kategorian eta bere fama eta eragina boxeotik arlo askotara zabaldu zuen. 60an joko olinpikoetan urrezko domina lortu zuen Erroman eta 64an Munduko txapelketa irabazi zuen lehen aldiz, Sonny Listonen aurka. Horren ondoren islamismoan sartu zen eta izena aldatu zuen: Cassius Clay izena utzi Muhammad Ali izatera pasa zen. 1967an, Vietnamgo gerrara joateari uko egiteagatik lizentzia kendu zioten eta hiru urte eta erdi eman zituen boxeatu gabe. 1981ean hartu zuen erretiroa, 22 aldiz Munduko txapeldun izan, 56 konbate irabazi eta bost galduta.