Itxi

telebista

Kultur agenda

Berri Txarrak, aste honetako 'EITB Kultura'n

A.H.

EITB

Horrez gain, Ados teatroa konpainiaren azkeneko antzezlana aurkeztuko dute: Wilt; panpina puzgarri baten hilketa.

  • Berri Txarrak.

Berri Txarrak rock talde ezaguneko kideak izango dira aste honetako 'EITB Kultura'n gonbidatu eta bere azkeneko lanaz zein urteetan zehar izandako ibilbideaz arituko dira. Azkeneko diskoa Kalifornian grabatu dute, Ross Robinson produktorearen laguntzarekin. 12 abestik osatzen dute diska eta Berri Txarrak taldearen mugak ikutzen ditu, beti ere euren marka propioa den gordintasun hori alde batera utzi gabe.

Bestalde, 'ETIB Kultura'k Jose Antonio Vitoriaren esku ezagutuko du Ados teatroa konpainiaren azkeneko antzezlana: Wilt; Panpina puzgarriaren hilketa. Ikuskizunak literatura irakasle bat hartzen du protagonista, bere emaztea desagertu da eta bera da susmagarri nagusia.

Horrez gain, Nafarroako Dora Salazar artista ezagutuko du saioak. Berarekin, artista moduan daraman 25 urteko ibilbidea errepasatuko dute eta artea ulertzeko duen modu berezia azalduko dute. Dora Salazarrek, gainera, bere azkeneko bi erakusketak aurkeztuko ditu: 'Del estudio a la calle' eta 'Paisajes'.

Komikiaren munduari ere tartea zabalduko diote. Astiberri argitaletxe bizkaitarreko Fernando Taranconek bere lan egiteko modua azalduko du, marrazkia eta irudia bat eginez, eta argitaletxean daramatzan 10 urteak errepasatuko ditu.

Carlos Velasco musikariak itxiko du aste honetako 'EITB Kulura' saioa eta bere bakarkako lehenengo lana aurkeztuko du Muy personal.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:00etatik aurrera ETB-1en, asteartean 00:35ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.