telebista
Aste honetan
Eli Pinedo eta Aitor Oroza kirolariak, 'Bat to London 2012' saioan
A.H.
EITB
Eskubaloi jokalaria bata eta txirrindulari paralinpikoa bestea, bi kirolariak Londoneko Joko Olinpikoetarako prestatzen ari dira
-
Aitor Oroza, txirrindulari paralinpiarra. Argazkia: EITB
Londoneko 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu nahi duten kirolarien jarraipena egiten jarraituko du 'BAT to London 2012' saioaren zazpigarren atal honek eta oraingo honetan, Eli Pinedo eskubaloi jokalaria eta Aitor Oroza txirrindulari paralinpikoa hartuko ditu protagonista. Iñigo Asensiok aurkeztuta, kirolari olinpiarren prestakuntza jarraituko du gertu-gertutik eta kirolari, entrenatzaile eta senitartekoekin elkarrizketak eta olinpiarrak izandako kirolarien testigantzak jasoz. Era berean programak arreta berezia eskainiko dio Londresen 2012ari begira burutzen ari diren prestaketei.
Juanma Lopez Iturriagak, telebista aurkezle ezagun eta saskibaloi jokalari ohiak, zabalduko du urte olinpiko honetako hasierako saioa. Bilbotarrak Los Angeles 1984ko hitzorduan estatuko selekzioarekin egindako lana ekarriko du gogora. Antonio Diaz Miguel hautatzailearen aginduetara sekulako ezustea eman zuen taldeak, zilarrezko domina eskuratuz. Finalean, gerora izar handia bilakatuko zen Michael Jordan estatubatuarraren aurka lehiatu ziren.
Hurrengo hilabeteetan Londresen egoteko borrokan jarraituko duen kirolari batek emango dio jarraipena programari. Eli Pinedo eskubaloi jokalaria Donostiako Bera-Bera taldean ari da aurten eta estatuko selekzioko ardatz nagusietako bat bilakatu da. Berriki jokatu den Munduko txapelketan Jorge Dueñas bilbotarrak zuzendu du taldea eta Pinedok txapelketako onenen artean amaitu zuen lehiaketa. Olinpiar Jokoak helburu nagusi ditu orain arabarrak eta bide horretan hurrengo hilabeteetan jokatu den olinpiaden aurreko txapelketarako bideratuko ditu indar guztiak.
Kirolari minusbaliatuentzat ere hasi da atzera kontua irailean jokatuko diren Paralinpiar Jokoei begira. Aitor Oroza txirrindulariak horretan dihardu, prestakuntza txukuna egin nahian. Beijing-en olinpiar diploma lortu eta gero, Burgoseko Merindades bailaran ari da lanean Londresera begira. Jokoetako dominaren bat lortzearekin amesten duen kirolaria gainditze nahiaren adibide on bat bilakatu da.
Londresera egin ohi duen bisitan, saioko lan-taldeak bidelagun berezi bat izan du oraingoan. Olinpiar giroan bete-betean sartuta dagoen hirira joan da Mikel Odriozola atleta gipuzkoarra. Helburua, jokoetarako prestatu duten zirkuitua gertutik ezagutzea Jon Esturo bere entrenatzaileak lagunduta. Besteak beste, Buckingham Palace jauregitik igaroko dira martxalariak 50 kilometroko ibilbidean.
Bukatzeko, Olinpiar Jokoetako izen handien tartean, Carl Lewis atleta estatubatuarra izango dute hizpide zenbait adituk: Ernesto Diaz (Los Angeles 84an egondako kazetari bilbotarrak), Eduardo Escobar (Kirol medikuntzan adituak) eta Ramon Cidek (atleta ohia, olinpiarra Moscu 1980an).
'Bat To London 2012' ostegun honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en eta igandean 11:00etatik aurrera ETB-2n.