Itxi

telebista

Hasier Etxeberriak aurkeztuta

Euskal literaturaren 'tropel' fenomenoa aztergai, igandeko 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Arrakastaren atzean geratu den euskal idazle taldearen inguruan arituko da saioa.

  • Hasier Etxeberria | Sautrela | ETB-1

    Hasier Etxeberria, 'Sautrela'. Argazkia: EITB

Euskal literaturaren 'tropelaren' auziari helduko dio aste honetako 'Sautrela' saioak, Jon Alonso idazleak 2003an idatzi batean bataiatutako fenomenoari, alegia. Idazle arrakastatsuen atzean geratutako euskal idazleen talde handi horri deitu zion Jon Alonsok 'tropela', erabat ezezagunak izan ez arren famaren txokotik aparte geratu diren idazleak.

Zehazki esatearren, 60. hamarraldi hasieran jaiotako idazleak biltzen dira talde horretan, idazle belaunaldi oparoa eta handia, kalitate handiko idazle asko eman dituena, baina denak, nolabait, famaren bigarren lerrokoak. Alonsok argitaraturako idatziak idazle askok sentitzen zuten 'ezina' islatzen zuen, arrakastaren saria lortu nahi eta ezin. Nolabait gutxietsiak sentitzen ziren idazle horiek, merezi zuten estimurik gabe. Ahots horien artean, batek baino gehiagok aipatu zuen tropeleko kideetako asko politika auziak medio izan zirela baztertuak eta kritikari zenbaitek nahita zokoratu izan dituztela, nolabait boterearen mesedeko agertu ez izanagatik.

Tropelaren fenomenoa azaltzeko aipatu izan den beste arrazoietako bat, agian aurrekoarekin lotura izan dezakeena, sarien kontua da. Gauza jakina da literaturak (ez Euskal Herrikoak bakarrik) sarien bidez kokatzen dituela idazle batzuek goian eta besteak behean. Eta gauza jakina da, gainera, euskal idazleetan arrakasta gehien izan dutenek Madrilen sariak irabazi dituztela; horrenbestez, euskal idazleen arteko hierarkiak Madrilen ezartzen direla salatu dute askok. Horren guztiaren inguruan arituko dira igandeko 'Sautrela' saioan, 15:30etik aurrera ETB-1en.