telebista
22:15ean
'Basque Hotel' film-dokumentala estreinatuko du ETB-1ek asteazkenean
A.A.
EITB
Bost idazleren esperientzia oinarri hartuta, Amerikara joandako euskaldunen bizitzan barrena bidaia egingo du.
-
'Basque Hotel' film dokumentala. Argazkia: EITB
Basque Hotel dokumentala estreinatuko du ETB-1ek asteazkenean, 22:15ean. Amerikara joandako euskaldunen bizitza oinarri hartuta, bidaia literarioa egingo du izen handiko bost idazleren eskutik: Robert Laxalt, Joseba Zulaika, Bernardo Atxaga, Asun Garikano eta Kirmen Uribe. Modu batera edo bestera Estatu Batuekin lotura izan duten idazleak dira bostak. Ipar Amerikako arrantxoetara joandako lehen euskaldunetatik abiatuta, XXI. mendeko kultur ekarpenetaraino diasporak izan duen bilakaera aztertuko du.
Estatu Batuetan zehar road movie bat da Basque Hotel, irudi ikusgarriak eta lekukotasunak uztartuz, euskal emigrazioaren ikuspegi orokorra eskainiko duena. Nevada, Idaho eta Kalifornian barna ibili eta gero, New Yorkera helduko dira.
Robert Laxalt, Bernardo Atxaga, Asun Garikano, Joseba Zulaika eta Kirmen Uribek benetako eta fikzioko eremuez osatutako sarea ehunduko dute; Estatu Batuetan bizi diren euskaldunen istorio eta bizipenak, idazle horien eleberrietako irakurketekin tartekatuko dira, batzuen zein besteen esperientziak ezagutzera emanez. Protagonisten hitz eta idatziek bidaia ikusgarria irudikatuko dute: Euskal Herritik Estatu Batuetara eta Basque Hoteletik Bilboko Guggenheim Museora.
Basque Hotel dokumentalak Estatu Batuetara joandako hainbat lagunen istorioak kontatuko dizkigu. Duela gutxi hil den Lucy Garatea izango dute abiapuntu eta Robert Laxalt idazlearen aitaren ibilbidea ere ezagutuko dute. Euskal diasporaren berri ematen aitzindaria izan zen bera.
Dokumentalean agertuko diren lagunen artean daude, besteak beste: Willliam A. Douglass, Renon, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko bultzatzaile izan zena; Joxe Mallea-Olaetxe idazlea, artzain euskaldunek Nevadako zuhaitzetan utzitako markei buruz mintzatuko dena; beste idazle bat, Iñaki Uriarte, New Yorken ezagututako lehen hotelari buruz hizketan; Richard Eiguren eta Buster Dufurrena ganaduzaleak; eta John Ascuaga, jatorriz Orozkoarra eta Renoko hotelik garrantzitsuenaren jabea.
Nevadatik New Yorkera bidean, Boise, Idaho City, Silver City, Mc Dermitt, Jordan Valley, Elko, Winnemucca, Reno eta Las Vegasen barrena ibiliko dira, Euskal Herrian ere geldialdiak eginez. Halaber, airetik hartutako Idaho eta Euskal Herriko irudiak erakutsiko dituzte.
Bingen Mendizabalek egin du dokumental honetako musika, eta Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarinen kantak ere entzungo ditugu.
Art Frame, TVE, EITB eta IdahoPTVk elkar lanean ekoiztu dute Basque Hotel, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailaren laguntzarekin. Josu Venerok zuzendu du.