Itxi

telebista

ETB-1 eta ETB-2n

Turismoa aztertzeko teknologia berriez, igandeko 'Teknopolis'en

A.H.

EITB

CICTourGune ikerketa-zentroak mugikortasun fenomenoa aztertzeko metodo berriak garatu ditu.

  • Oihana Jauregi | Teknopolis

    Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Aste honetako 'Teknopolis' saioak turismoa aztertzeko eratu diren teknologia berriak hartuko ditu hizpide. Izan ere, munduko txoko ezberdinak ikustea, eta haietako biztanleen bizi-ohiturak ezagutzea benetako zaletasuna da jende askorentzat. Urtean 1.000 milioi bidaiari mugitzen da munduan zehar, bai turismoa egiteko, bai lan-kontuak direla-eta. Kopurua izugarria da eta horregatik CICTourGUNE ikerketa-zentroak mugikortasunaren fenomeno hori du aztergai. Baina nola ikertzen da hain gertakari konplexua? Nola jakin hiri batean nondik nora mugitzen den bidaiari-fluxua? Orain dela gutxira arte inkesta edo galdeketa zuzenak izan dira informazio-iturri bakarra, baina CICTourGUNEkoek teknologia berriak berariaz garatu dituzte lan horretarako.

Bestalde, Basauriko zirkuituan ekingo zaio aste honetako Ktek tarteari, Txomin Arana gernikarrak egindako salto eta abilezia erakustaldiarekin. Moto-kroseko munduko txapelketetan lehian ibiltzen da kirolaria, baina lehen jauziak 6 urte bete aurretik egin zituen. Kirol honek badu, gainera, gidariaren pareko beste protagonista bat: motoa, bera. Moto-kroseko motoak izan behar dituen ezaugarriak azaldu dizkio Txomin Aranak Nagore Rementeria lankideari.

Horrez gain, plasma-suzia fundizioari begirada bat emango dio 'Teknopolis'ek. Izan ere, burdinaren fabrikazio-prozesuak zailtasun handi bat du: galdaketa osoan tenperatura egonkor mantendu behar da. Izan ere, metal urtua labetik atera bezain pronto hozten hasten da eta askotan berriro berotu egin behar izaten da piezak egiten jarraitzeko.

Eta amaitzeko, lanaren kudeaketa eta antolamendurako tresna ezberdinak aztertuko ditu saioak. Erlojua eskuz aldatzea, korapilo bereziak egitea, paretak post-it-ez betetzea... egin beharrekoak ez ahazteko sistema ezagunak dira. Teknologia berrietan ere zereginak antolatzeko aplikazio berri asko daude. Alaitz Ochoa de Eribe lankideak erakutsiko ditu erabilgarrienetako batzuk.

'Teknopolis' igande honetan emitituko da 10:50etik aurrera ETB-2n eta 15:00etatik aurrera ETB-1en.