telebista
Kultur agenda
Thee Brandy Hips taldearen musika, aste honetako 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Saioak, gainera, Organik dantza konpainiaren azkeneko lana ezagutuko du, In Corpore Sano.
-
Thee Brandy Hips, Cynism bideoklipa. Argazkia: EITB
Aste honetan, Thee Brandy Hips talde donostiarraren musika izango da entzungai 'EITB Kultura'n. Taldeak Raincoat bigarren diskoa aurkeztuko du. Aurrekoak baino pop estilo nabarmenagoa dauka 11 abestiz osaturiko lan honek. 'EITB Kultura' taldekideekin egongo da Donostiako Bukowskin eskainiko duten aurkezpen kontzertuaren aurretik.
Horrez gain, Organik dantza konpainiaren In Corpore Sano lana ezagutuko du saioak. Bizitzan hartzen ditugun ohitura ezberdinen gaineko hausnarketa proposatzen du konpainia bizkaitarraren azkeneko lan honek. Dantza, antzerkia, umorea eta musika bat egiten dute Donostiako Dferia arte eszenikoen jaialdian aurkeztuko duten ikuskizunean.
Bestalde, Ibon Agirre, Agustin Perez eta Iñaki Sagastunek Minusculo musika talde berezia osatzen dute eta taldearen izen bereko EP bat grabatu dute lau abestirekin. Zuzenean aurkeztuko dute aste honetan Bilboko Anti liburudendan.
Horrez gain, Un loco a desatar antzezlana ere ezagutuko dute 'EITB Kultura'n, psikiatriko batean sartu berri duten gizona da protagonista eta bere papera egiten duen aktorearekin topatuko da. Trastada Teatroren lehenengo lan honetan erotasunaren eta zentzutasunaren inguruko hausnarketa proposatzen da eta Eibarreko jardunaldietan antzeztuko dute.
Amaitzeko, Bilboko Photogallery 20 galeria bisitatuko du saioan Oier Ituarteren 'Retratos' lana ezagutzeko. Ondarroako argazkilari eta argiztatzaileak txuri beltzeko 13 argazkiren bitartez erakutsiko du bere errealitateari begiratzeko modua.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:10ean ETB-1en, asteartean 01:55ean ETB-2n eta ostegunean 23:00etan ETB-3n.