Itxi

albistea

23:15ean

'El perdón' erreportajea eskainiko du asteazken honetan ETB-2k

A.E.

EITB

Damututako ETAkideek eta indarkeriaren biktimen senideek izandako topaketen barruan, bi protagonistak euren esperientzia kontatuko dute.

  • El perdon erreportaje berezia | ETB-2

    'El perdon' erreportaje berezia, Iñaki Garcia. Argazkia: EITB

Langraizeko kartzelan, damututako ETAko kideak eta terrorismoaren biktimen senideak topaketa hunkigarri eta diskretuak izaten ari dira. Topaketa horietako bi protagonistak euren esperientzia kontatuko dute ETB-2n, asteazken honetan 23:15ean emango den El perdón erreportajean. Erreportajea TV-3ko '30 Minuts' saiorako egina izan da.

Iñaki Garcia Arrizabalaga da protagonistetako bat, ETAk 1980. urtean hil zuen Juan Manuel Garcia Corderoren semea. Izenik eman nahi ez duen eta odol delituak dituen ETAkidearekin izandako bilera kontatu du Garcia Arrizabalagak: "Norbait hil behar dutenean begietara begiratzen ote dioten jakitea ezin nuen burutik kendu. Eta nik susmatzen nuen modura, ez diotela begietara begiratzen esan zidan". Horixe da Garcia Arrizabalagak bere solaskidearekin izandako topaketaren erreferentzietako bat, beldurgarria eta hunkigarria, hein berean.

Erreportajearen bigarren protagonista Iñaki Rekarte da. Santanderren, 1992. urtean bonba kotxeko atentatuaren egileetakoa da, bertan hiru oinezko hil ziren. Hogei urte itxialdian egon ondoren, gaur egun hirugarren gradua du eta Martuteneko kartzelara lo egitera joan behar du soil-soilik. ETAk hildako gizon baten alargunarekin izan zuen solasaldiaz mintzatuko da Rekarte. Halaber, ETAkide gisa bizitakoa eta talde armatuarekin hausteko prozesuaz ere jardun du. "Agindua hauxe zen... etorri eta egin ahal duzuen guztia. Hitzak honako hauek ziren: Zuek hil ahal dituzuen gehienak. Horrelaxe zen", aitortu du Iñaki Rekartek Santanderko atentatuaren prestaketaz. "Batzuetan honako hau pentsatzen nuen: Egunen batean, joan eta barkamena eskatu behar dut", esaten du Rekartek.

Erreportajeko kontakizuna osatzeko honako lekukoak ere bildu dituzte: Txema Urkijo; Concha Arrizabalaga, Iñaki Garciaren ama, eta Monica Garcia de Paredes, Iñaki Rekarteren emaztea.

El perdón erreportajea Eduard Sanjuan eta Mireia Pigrauk egin dute eta '30 Minuts' saioak ekoiztu du.

ETAkide eta biktimen arteko topaketak

Ekimena Langraizeko kartzelan dauden presoek sortu zuten. Presoetako asko bertan daude eta kartzelaldia arintzeko neurriak lortu dituzte ETArekin hautsi dutelako eta atentatuak egin izanagatik damutu direlako. Batzuk haratago joan dira: euren biktimen senideei barkamena eskatu diete edo ETAk hil edo zauritu zituen beste biktima batzuen senideei. Topaketok baldintza bat eskatzen dute, bi alderdiek bermatutako baldintza: topaketa hauek ez dute zigorra murriztea edo kartzelaldia arintzeko neurri extrarik ekarri.

Terrorismoaren Biktimen Bulegoak, Euskadin bakearekin zerikusia duten ekimenetan murgildurik egon den Txema Urkijoren eskutik, batez ere, Langraizen sortutako proposamena gauzatu du. Bitartekaritzan adituak diren talde zabalarekin prestatu zituzten bilerak. Orain arte 11 bilera egin dira, eta horietatik lautan zuzen-zuzenean eragin zituzten biktimen senideekin egon dira ETAkideak. Momentuz, protagonistek ez dute zein diren jakiterik nahi. Gainontzeko bileretan, ETAk hil dituen pertsonen senideak batetik eta presoak, euren izenean eta orain gaitzesten duten talde armatuaren izenean, bildu dira.