telebista
KULTURA AGENDA
'Morir de sueños', auzitegi arkeologia, aste honetan 'EITB Kultura'n
M.A.
EITB
Gainera, Dejabu Panpin Laborategiaren Azken portua haurrentzako antzezlana eta Elbis Rever bikotea izango dituzte mintzagai.
-
EITB Kultura. Argazkia: EITB
Atal berri honetan Euskal Telebistako saioak Morir de sueños dokumental laburra izango du hizpide. Lanak Espainiako Gerra Zibilak utzitako hobi komunetan egindako ikerketak biltzen ditu. Clemente Bernard argazkilari dokumentalista nafarraren lana musikaz jantzi du Mikel Gaztelurrutia piano-jotzaile eibartarrak. Biek elkarrekin garatu duten egitasmoaren azalpenak emango dituzte.
Bestalde, Dejabu Panpin Laborategia konpainiak Azken portua antzezlana aurkeztuko du. Abenturaz betetako haurrentzako ikuskizuna dugu hau, non haragi-hezurrezko pertsonaiak, panpinak eta musika uztartzen dituzten. Gaztetxoak euskal arrantzaleen historian murgilduko dira bidaia poetiko eta liluragarri honetan.
Musikaren esparruan, Natalia Vegas eta Alba Burgos, Elbis Rever taldeko kideak izango dituzte agertokian. Bikote honek pop musika berezia eta pertsonala jorratzen du. Bost urteko ibilbidea beteko dute aurten eta ospakizun honen harira, 14 diskotan bildu duten musika estilo anitzaz arituko dira. Bilbon egingo dute laster kontzertua, baina lehenago ETBko ikus-entzuleek aurrerapentxo bat entzuteko aukera izango dute.
Bukatzeko, ETBko tartea Kursaaleko Kubo Kutxa aretora gerturatuko da, bertan baitago ikusgai 'Phocus. Bilduma baten argazkia' erakusketa. Kutxa Fototekako bildumaren aberastasun handiari esker, argazkigintzaurrearen adibide bikainak ikus ditzakegu erakusketa honetan, baita ere irudi antropologiko asko, edota argazkigintza adierazpide gisa erabili duten egungo artista askoren lanak.
'EITB Kultura' astelehenean dago ikusgai gauerdia aldera ETB-1en, asteartean goizaldeko ordu bata bueltan ETB-2n eta ostegunean 23:20ean ETB-3n.