telebista
Zinea
'Nire aitaren etxea' filmaren estreinaldia, asteazkenean, ETB-1en
A.H.
EITB
Gorka Merchan zinegileak zuzenduta, Carmelo Gomez, Emma Suarez eta Juan Jose Ballesta ditu protagonista.
-
'Nire aitaren etxea' pelikula. Argazkia: Videntia Frames
Asteazken honetan Nire aitaren etxea filma estreinatuko da Euskal Telebistan. Gabriel Arestiren bertso famatua izenburutzat hartuta, Gorka Merchan zinegileak ideologia politikoak bitan banatu duen familia baten istorioa aurkeztuko du. Carmelo Gomez aktoreak Txomin Garay enpresari eta pilotari ohiaren papera egingo du. ETAk mehatxatuta, 10 urte eman ditu Txominek Argentinan eta azken urteotan ez du harremanik izan bere anaia Koldorekin. Iraganean politika kontuek elkarrengandik aldendu zituen bi anaiak.
Baina orain Koldok, hilzorian dagoela, mesede bat eskatuko dio Txomini, bere seme nerabea Gaizka (Juan Jose Ballesta) bide onean jartzen laguntzea. Txomin bere familia osoarekin itzuliko da Euskadira, bere emaztea Blanca (Emma Suarez) eta bere alaba Sararekin (Veronica Echegi). Gaizka etorkizun handiko pilotaria da, baina ez du bere arreta osoa horretan jarrita, kale borrokan sartuta baitago buru belarri. Hala, Txominek pilota aitzakia bezala erabiliko du Gaizkarengana gerturatzeko, eta Gaizkak laster sentituko du bai bere osaba zein bere lehengusinarenganako estimu handia.
Filma Errenteria, Hernani, Hondarribia eta Tolosan grabatu zen eta Euskadik bizi duen errealitate politiko eta soziala islatzen du, ezberdintasun ideologikoek bitan banatutako familia baten istorioa oinarri hartuta.
Nire aitaren etxea filma asteazken honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB-1en.