telebista
Abenduak 25
Olentzero musikala, gospel doinuak eta Xabier Leteren omenezko kantaldia, gaur, EITB Median
EITB Media
Emanaldi bereziz osatutako programazioa prestatu du ETB1ek larunbat gauerako. 20:45ean hasiko da eta eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dugu.
-
'Loreak eta zauriak' ikuskizunaren argazkia
Eguberri eguna behar bezala ospatzeko, emanaldi berezi sorta ederra prestatu du EITB Mediak gaur gauerako. Olentzero izango da lehen protagonista, gospel doinuak izango ditugu ondoren, eta Xabier Leteren omenezko Loreak eta zauriak kantaldia, amaitzeko.
Olentzero Gasteizen
Mulixka dantza taldearen hirugarren ikuskizuna da Olentzero, aro zaharreko pertsonaia mitologikoa eta gaur egungo pertsonaia magikoa uztartzen dituena. Ehun lagun baino gehiago bilduko dira Gasteizko Iradier Arenako oholtza gainera, musika, dantza, kantua eta antzezlana uztartuko dituen emanaldia eskaintzera. Gasteizko dantza taldeko kideekin batera, Eresia orkestra eta Araba abesbatza arituko dira.
Gospel doinuak Donostian
Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan Goiko Gela eta Ispirit taldeek eskainitako emanaldi ederraz gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek. Santi Romano, Olatz Otxoa, Karlos Etxaniz eta Jon Imanol Etxabek osatzen dute Goiko Gela taldea. Abesti propioek eta euskarazko gospel klasikoen egokitzapenek osatzen duten euren errepertorioa. Bestalde, Lidia Insausti, Noa Egiguren eta Lide Hernando dira Ispirit taldeko buruak. Indarrez eta erritmoz beteriko emanaldiak eskaintzen dituzte, gospeleko emakumeen ahots eta soul abestiekin. Bi taldeetako zuzendari den Iñaki Miguel izango dute lagun pianoan, Andoni Etxebeste baterian, Xabier Barrenetxea baxuan, Javier Echarri gitarran eta Antxon Sarasua organoan.
Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari
Joserra Senperena (pianoa), Xabier San Sebastián (ahotsa eta gitarra), Beñat Gaztelumendi (bertsoak) eta Quico Pugès (biolontxeloa) dira Loreak eta zauriak ikuskizunaren egileak. Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrenean, haren omenezko diziplina-arteko emanaldia sortu zuten. Haren kantuak gogoratzeaz gain, bere kantuen eta melodien bidez gaur egun bizi dugun jendarteari begiratuko diote. Bertsoz, kantuz eta hitz lauz, 70eko hamarkadatik 2020ra, bizitzatik heriotzara, "ni"tik "gu"ra eta Xabier Letetik gugana bidaiatuko dute.