Itxi

albistea

ETBK Sat-en

Miguel Indurain eta Abraham Olano, asteazkeneko 'BAT to London 2012'n

A.H.

EITB

Horrez gain, Amado Granados txirrindulari paralinpiarra eta Oiana Blanco judokari buruzko erreportajeak eskainiko dira.

  • BAT to London 2012 | Miguel Indurain | Abraham Olano

    'BAT to London 2012', Miguel Indurain eta Abraham Olano. Argazkia: EITB

Aste honetako 'BAT to London 2012' saioak euskal txirrindularitzako bi izen handi izango ditu gonbidatu, Miguel Indurain eta Abraham Olano. Kirolariek elkarrekin gogoratuko dute 1996ko Atlantan erlojuz kontrako proban lortutako balentria, hurrenez hurren, urrrezko domina eta brontzezkoa eskuratu baitzituzten.

Iñigo Asensiok aurkezten duen saioak Indurain eta Olano bildu ditu, alde batetik Joko Olinpikoetan izandako bizipenak partekatzeko, eta bestetik, beraien kirol ibilbidean lortutako arrakasten inguruan solasteko. Txirrindularitza da, hain zuzen ere, euskal olinpismoari garaipen garrantzitsuenetarikoak eman dizkion kirola. Gertu dugun hitzorduan, Londonen, euskal txirrindulariak izan ditzaketen aukeren gainean ere hitz egingo dute Olanok eta Indurainek.

Bizikletekin jarraituz, 'BAT to London 2012' saioak Londonerako sailkatuz bere kirol ibilbide arrakastatsuari amaiera eman nahi dion Amador Granados txirrindulari paralinparraren inguruko saioa prestatu du. Sailkapena poltsikoan daukan Oiana Blanco judokak ere bere tartea izango du programan, Londreserako eramango duen prestakuntza aipatuko duelarik.

Jokoak hasteko lau hilabete baino ez direnean falta, 'BAT to London' saioak oraindik sailkatzeko modua duten euskal kirolarien aukerak aztertuko ditu. Londonera hilabetero egin ohi duten bisitan udako hitzordurako azken prestaketak izango dira ikusgai. Erresuma Batuan zehar zuzi olinpikoak eramango duen ibilbidea, segurtasun neurriak eta kirolarien egoitza olinpikoa aztertuko dute kazetariek eta bitxikeri gisa, Jokoetan parte hartuko duten lau kirolari palestinarrek entrenatzeko dituzten baldintza eskasak plazaratuko dira.

'BAT to London 2012' asteazken honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en.