Itxi

albistea

Asteartero, ETB-3n

'Lokaleroak' bigarren denboraldiaren estreinaldia, asteartean ETB-3n

A.H.

EITB

Lehenengo saioak, lehenengo denboraldiko lokalero partaideekin Durangon ospatutako sari banaketa gala eskainiko da.

  • 'Lokaleroak' bigarren denboraldiaren estreinaldia, asteartean ETB-3n

    Lokaleroak. Argazkia: EITB.

Astearte honetan, apirilak 3, 'Lokaleroak' saioaren denboraldi berria estreinatuko da ETB-3n. Aurreko edizioan bezala, Euskal Herriko gazteen lokalak bisitatuko ditu 'Lokaleroak', asteartero hiru lokal, eta Gaztea atariko lagunek horien artean bat aukeratuko dute finalera sailkatzeko. Horretarako, gazteen koadriletan gertatzen diren komeri guztiak hurbiletik ezagutuko ditu saioak eta lokaletako txoko eta bazter guztiak erakutsiko dituzte.

Bigarren denboraldi honetako lehenengo atalak, aurreko edizioko lokal guztiekin Durangon egindako festan jazotakoa ikusteko aukera emango du. Pleteruena Kafe Antzokian ospatu zen festa eta Jon Gomezek aurkeztuta, hainbat sari banatu ziren. Horrez gain, lokal partaideetan sortutako musika talde batzuen lanarekin gozatzeko aukera izan zuten. Gaztea Irratiko Oihan Vega Djaren Disko Festak eman zion amaiera Durangoko ekitaldi arrakastatsuari.

Datozen atalei begira, hurrengo astearteko saioak, apirilak 10ean, Zornotzako gazteek, lehenengo denboraldiko irabazleek hain zuzen, Saloun bizitako esperientzia izango du ardatz.

Apirilaren 17tik aurrera, lokal berriak ezagutuko ditu 'Lokaleroak' eta astero lehiaketak egingo ditu, lokal dibertigarrienak aukeratzeko. Aurreko edizioan bezala, sari potenteak banatuko dira parte hartzaile guztien artean.

Astearte honetan, 'Lokaleroak' saioren bigarren denboraldia hasiko da 22:30etik aurrera ETB-3n.