albistea
23:10ean
'Gernika el bombardeo' dokumentala asteazken honetan ETB-2n
A.E.
EITB
Gernikako bonbardaketan gertatutakoa kontatzen da. Horretarako bonbardaketaren lekukoen hitzak eta historiako eta arlo militarreko adituen iritziak jaso dira.
-
Dokumentalaren irudi bat. Irudia: "Gernika, el bombardeo".
Gernika el bombardeo (Gernika, bonbardaketa) dokumentala eskainiko da asteazkenean ETB-2n. Idem Producción Audiovisual etxeak ekoiztu du T&G Films Alemaniako ekoiztetxearekin, eta Euskal Telebista, RBB, WDR eta Canal de Historia telebista kateekin elkarlanean. Lan honetan Gernikako bonbardaketan gertatutakoa kontatzen da. Horretarako bonbardaketaren lekukoen hitzak eta historiako eta arlo militarreko adituen iritziak jaso dira. Nazioarteko agiriak eta argitaratu gabeko dokumentuak ere bildu dituzte, eta dramatizazioaren bidez eta 3D sistemaren bidez egindako irudiak eskaintzen dira.
Bonbardaketatik bizirik atera ziren sei lagunen testigantzak bildu ditu dokumentalak: Luis Iriondo, Andone Bidaguren, Pedro Baliño, Juan Miguel Bombin, Itziar Arzanegi eta Francisco Garcia San Roman. Antony Beevor, Manuel Montero eta Stefanie Schüler-Sprigorum historialariek euren ikuspuntua eman dute, eta arlo militarreko zenbait adituk ere parte hartu dute, hala nola, Jesus Salas Larrazabal, Klaus A. Maier eta Ferdinando Pedrialik. The Times eta The New York Times egunkarien bitartez mundu osoari gertaeraren berri eman zion George Steer kazetariaren ikuspuntua ere jaso dute, Nicholas Rankin biografoaren bitartez. Gernika, bonbardaketa dokumentalak herri hondatuaren benetako argazkiak eta irudiak aurkeztuko ditu, arreta handiz hautatu eta katalogatu ondoren. Gernikak jasandako erasoaren inguruan egindako zenbait dokumentaletan toki-akatsak daude eta beste herri batzuetako irudiak ageri dira: Eibarkoak, Durangokoak, Otxandiokoak… Horiek baztertu egin dituzte.
Dokumentalaren arduradunek azterketa-lan sakona egin dute Espainia, Alemania, Italia, Ingalaterra, Estatu Batuak eta Errusiako film artxibotan. Horri esker, herri suntsituaren kolorezko irudiak lortu dituzte lehenengoz; Russell Palmer korrespontsal amerikarrak filmatu zituen 1937ko maiatzean. Espainiako, Alemaniako eta Italiako artxibo militarrak ere aztertu dira, horietan baitzeuden erasoarekin zerikusia zeukaten ekintzen aginduak eta parteak. Eta Wolfram Von Richtoffen koronelaren egunkari pertsonala ere bai. Bere agintepean zeuden erasoan parte hartu zuten aire-indarrak eta, izatez, berak eman zuen erasorako agindua. Erasoarekin zerikusia daukaten atal batzuk aktoreek antzeztu dituzte eta fikziozkoak dira. Gertakariak jazotako egoeran kokatzen laguntzen digute. Halaber, erasoaren sekuentzia nagusiak –izatez lau eraso, hegazkin alemaniar eta italiarrekin- irudi birtualekin berregin dira, hiru dimentsiotan, gertakariak nola jazo ziren erakusteko.
Gernikakoa ez zen izan herritarren soilen aurkako lehen aire-bonbardaketa, ezta Espainiako Gerra Zibileko lehenengoa ere, ez heriotzarik gehien ekarritakoa, ezta hondamendirik larriena eragindakoa ere. Gerra-krimen bat gehiago baino ez zen izan. Alabaina, Pablo Picassok sarraski hura irudikatu baino lehen ere izugarrizko samina sortu zuen nazioarte mailan, eta gaur egun ere, bonbardaketaren oihartzunak sakon astintzen du gure bihotza. Alberto Rojok idatzi du gidoia eta zuzendu du dokumentala. Bilboko Idem Producción Audiovisual eta Alemaniako T&G Films ekoiztetxeek Euskal Telebista, RBB, WDR eta The History Channel Iberiarekin elkarlanean egin dute. Beste zenbait telebista kateren laguntza ere izan dute, hala nola, ARTE, RTBF, NPS, TSR, CHANNEL 5 RUSSIA, Fox International Channels Italy eta TSIrena. Gernika Gogoratuz fundazioaren eta Gernika-Lumoko udaletxearen babesa ere nabarmendu behar dira.