Itxi

albistea

Igandean ETB-1n eta ETB-2n

Fosiletan agerian dagoen historia 'Teknopolis' saioan, igandean

M.A.

EITB

Etnomotrizidadea eta energia metatzeko sistemak izango dituzte hizpide gainontzeko erreportajeetan

  • Fosiletan agerian dagoen historia 'Teknopolis' saioan, igandean

    Oihana Jauregi. Argazkia: EITB.

Igande honetako 'Teknopolis' saioan lurraren historiaz arituko dira Gorrondatxeko hondartzara gerturatuz. Urte-hasieran, Getxoko Gorrondatxeko hondartza komunikabide guztietan ikusteko aukera izan genuen. Izan ere, Geologia Zientzietako Nazioarteko Batasunak Lutetiar garai geologikoa ikertzeko munduko gune egokiena izendatu zuen. Itsaslabarreko arroketan agerian dago orain dela 48 milioi urteko informazioa. Hango fosiletan irakur daitekeen historia ekarriko dute 'Teknopolis' tartean.

Ondoren ETBko saioan rokodromo batera gerturatuko dira. Eneko Akarregi etnomotrizitateari buruzko tesia garatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Motrizitateak edo gorputzaren mugimenduek erabateko lotura dute gizarte bateko ohiturekin eta hezkuntzarekin, eta horixe aztertzen du Etnomotrizitateak. Besteak beste, Kirol-jarduera bakoitza egiten den testuinguru kulturala. Motrizitatea aztertzeaz gain, Eneko Akarregi eskalatzailea eta eskalada-teknikaria ere bada. Nagore Rementeria lankideari Gasteizko Hegoaldea hiritarren zentrora lagundu dio, rokodromoen ezaugarriak eta egiten diren mugimenduen berezitasunak azaltzeko.

Bukatzeko energia metatzeko sistemak izango dituzte hizpide. Energia berriztagarriek erregai fosilei energia-iturri gisa erreleboa hartu ahal izateko ezinbestekoa da, besteak beste, energia bildu eta metatzeko moduak garatzea. Hau da, energia-soberakina bildu, eta ondoren, erabiltzeko aukera izatea. CIC energiGUNE ikerketa-zentroan, hainbat enpresarekin elkarlanean ari dira energia-iturri bakoitzarentzako metaketa-modu bat bilatu nahian.

'Teknopolis' igandean ETB-1en 14:55ean eta ETB-2n 10:40ean dago ikusgai, eta asteazkenean ETB-3n 23:00etan.