albistea
Larunbatean
Osinalde saria eta Petra Elserri elkarrizketa, 'Hitzetik Hortzera'n
Erredakzioa
Amaia Iturriotz urretxuarrak irabazi du sariketa eta bere bakarkako lana ikusi ahal izango da.
-
Osinaldeko saridunak, 'Hitzerik Hortzera'. Argazkia: EITB
XLI. Bertsolari Gazteen Osinalde sarikoak izango dira asteon 'Hitzetik Hortzera'ko bertsorik gehienak. Amaia Iturriotz urretxuarrak irabazi du sariketa eta bere bakarkako lana ikusi ahal izango da. Halaber, Josu Oiartzabal Xenpelar azpeitiarrari bertsorik onenaren saria ekarri zion ofizioa ere emango dute. Oiartzabal eta Iturriotzekin Peio Ormazabal arrigorriagarra, Nekane Zinkunegi errezildarra, Maddin Ane Txoperena hendaiarra eta Imanol Uria algortarra aritu ziren Jokin Muruak emandako gaiei kantari.
Gabiriako saioko bertso onentsuenez gain, Gabiriako gazteek BertsoMovieDa lehiaketarako sortutako Bertso Road Movie ikusentzunezkoaren laburpena ere emango dute programan. Horretaz gain, Oñatiko Santa Ana aretoan egin zen saiotik, Uxue Alberdik eta Alaia Martinek egindako ofizioa eta Bergaran, Erramu Zapatu bezperako saiotik, Amets Arzallus eta Andoni Egaña elkarri puntu jartzen.
Zuri-beltzeko Auspoa atalean Gorka Bereziartua kazetariak Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin liburuko pasartea irakurriko du; Zappingean 1984ko Taket sariketa erreskatatu dute.
Petra Elser, Frakfurteko euskalduna gonbidatu
Alemanian jaiotako bertsozalea izango du lagun platoan Jon Artanok, bertsolaritzaz jarduteko. Petra Elser, Banaiz Bagara elkartearen sortzailea da eta etorkinei euskalduntzeko bide berriak asmatzen dihardu Gipuzkoako zortzi herritan. Kanpotarrak euskarara erakartzeko bertsoak eta kantuak duen garrantziaz mintzatuko da Elser, besteak beste.
'Hitzetik Hortzera', eitb.com/nahieran-en, eta larunbat bazkalostean, 'Gaur Egun'-en ondoren, ETB-1en.