albistea
Aste honetan
Iker Martinez eta Xabier Fernandez estropalariak 'Bat to London 2012'n
A.H.
EITB
Saioak gainera Mikel Lasa futbolari ohia elkarrizketatuko du, Bartzelonako joko olinpikoetan urrezko domina lortu zuen taldearen kidea, eta Cespa txirrindularitza taldea izango du protagonista.
-
'Bat to London', Iker Martínez eta Xabier Fernández. Argazkia: EITB
Ehun egun baino gutxiago geratzen dira Londoneko joko olinpikoak ospatzeko eta 'Bat to London 2012' saioak jokoetan parte hartuko duten euskal kirolarien berri emango du. Aste honetako atala, Iker Martinez eta Xabi Fernandez bela estropalariekin egongo da eta bestalde, Cespa Euskadi txirrindularitza taldea emango dute ezagutzera. Horrez gain, Mikel Lasa futbolaria, Reala eta Athletic-en aritutakoa, Bartzelonako jokoetan izandako esperientzia bikainaz mintzatuko da eta, nola ez, urrezko domina irabazteak eragindako pozaz.
Londreseko hitzorduaren inguruan Brasilgo Italaí hiritik hitz egin dute Iker Martinezek eta Xabi Fernandezek, bete-betean baitaude Volvo Ocean Race proban lehiatzen, Espainiako Bela Federazioak bikotearen parte hartzea baieztatu eta gero. Ingalaterrako hiriburuan 49.mailan hirugarren dominaren bila aterako da bikote euskalduna, Atenasen urrea eta Beijingen zilarra eskuratu ondoren. Sasoiko egon arren (2011n munduko estropadalari onenak izendatu zituzten) erronka ez da batere samurra izango egutegiak atseden gutxi ematen dielako. Volvo Ocean Race-a uztailaren hasieran amaituko da eta oso denbora gutxi izango dute Weymouth-eko estropada eremuan erabiliko duten ontziarekin entrenatzeko.
'Bat to London 2012' saioko beste atal nagusia Cespa Euskadi taldeak beteko du, eta bertako txirrindularien artean Londresen izateko aukerak dituen bakarra Hodei Mazkiaran nafarra da gaur egun. Ikusleek talde apal honen eguneroko lana ezagutu ahal izango dute, pistako goi mailan aritzeko dituen zailtasun ekonomikoen gainetik kirol-ibilbide bikaina duten txirrindulariek osatzen dute, hala nola, Unai Elorriaga pistard zaildua (Munduko Kopako irabazlea puntuazioan) edota etorkizun oparoa duen Tania Calvo, azken unera arte Jokoetarako sailkatzear egon dena. Denboraldiari errepasoa emango diote hirurek eta baita hurrengo hilabetetarako dituzten ametsak plazaratu.
Jokoetan izandako euskaldunen atalean Mikel Lasa Bartzelona 92an izandako parte-hartzeaz jardungo da luze eta zabal. 20 urte bete dira aurten lortutako balentriaz eta gipuzkoarrak bizi izandako momenturik hunkigarrienak ez dituela ahaztu erakutsiko digu. Lasarekin batera, Guardiola, Ferrer, Luis Enrique, Kiko, Alfonso, Amavisca eta Billabona gipuzkoarrak osatzen zuten, besteak beste, Poloniaren aurka 90.minutuan finala irabazi zuen “urrezko” selekzioa.
Saioa oraindik sailkapena lortzear dauden euskal kirolarien inguruko berriekin osatuko da (tartean Maide Undak jokatutako preolinpikoa) eta Londres hiriari eskainitako atalean segurtasun neurriak izango dute hizpide saioak eta baita Jokoetarako eraiki diren instalakuntzen desmuntaia eta hauen berrerabilpena.
'Bat to London' asteazken honetan emitituko da 22:35etik aurrera ETBk Sat-en.