Itxi

albistea

Larunbat honetan

Galtxagorri robot bertsolaria, 'Hitzetik Hortzera'n

Aitzol Astigarraga hartuko du Jon Artanok platoan.

  • Aitzol Astigarraga, Jon Artano eta Galtxagorri robota platoan. EITB

    Aitzol Astigarraga, Jon Artano eta Galtxagorri robota platoan. EITB

Berriki, EHUren Gipuzkoako Campusean egindako bertso saio berezian, Ttartalo eta Galtxagorri robot bertsolariak aurkeztu dituzte jendaurrean. Euren lehenengo plazan bertsolagun izan dituzte Andoni Egaña, Felix Zubia, Oier Lakuntza eta Maialen Velarde. Bertan gai-jartzen aritu zen Aitzol Astigarraga eta berau izango du gonbidatu asteon Jon Artanok. Astigarraga bertsozale fina izateaz gain informatikan ingeniaria eta Robotikan aditua da eta bi makinen sorkuntzan jardun den zientzialari taldekoa. Berak azalduko ditu asmakizunaren nondik-norakoak; robotaren ahalak eta mugak zeintzuk diren. Galtxagorri robotak ere erakustaldia egingo du platoan.

Horretaz gain BertsoMovieDa lehiaketako sari nagusia lortu duen Urpeko Bertsoak lana erakutsiko dute. Eta aurrerapen moduan Urretxuko Motz tabernan Beñat Lizasok eta Iñaki Apalategik egindako bazkariko bertsoaldi xelebre bat ere bai. Zuri-beltzekoan Mitxelenaren komeriak Benidormen, Joxe Joakinen beraren, Imanol Lazkanoren eta Joxe Agirreren bertsoetan eta Zappingean Gernikako bonbardaketari jarritako bertsoak.

Gasteizko gaztetxearen 24. urtebetetzea

Gaztetxean egindako saioko on aurkiak ere emango dituzte. Unai Elizasuk jarri ditu gaiak eta kantuan: Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Ander Solozabal, Andoni Egaña eta Eneko Abasolo Abarkas.

'Hitzetik Hortzera' eitb.com/nahieran-en eta larunbat bazkalostean 'Gaur Egun'en ondoren ETB-1en dago ikusgai, 14:40ean.