Itxi

albistea

ETB-1 eta ETB-2n

On Zientzia saio berezia, aste honetako 'Teknopolis'en

A.H.

EITB

Bideo lehiaketara aurkeztu diren bideoak erakutsiko dira eta hiru bideo onenak aukeratuko dituzte.

  • OIhana Jauregi. Argazkia: EITB

Zientzia eta teknologiari buruzko istorioak era errazean eta originalean kontatzea izan da On Zientzia bideo-lehiaketa amateurraren xedeetako bat. Hau da, ikusleek, zientziaren dibulgatzaile bihurtzea, eta askok, gogor eutsi diote erronka horri. 'Teknopolis' saioak ekimen interesgarri hori izango du ardatz.

Guztira 48 lan aurkeztu dira lehiaketara: irudi ederrak dituzten natura-dokumental itxurako lanak, laborategiko esperimentuak, eskulanekin egindako bitxikeriak... Aniztasuna izan da nagusi. Gaietan eta baita egileen artean ere, irakasleek, ikasleek eta zentro teknologikoetako ikertzaileek hartu dute parte batez ere.

Bideo gehienak Euskadin egindakoak izan dira, baina badira Bartzelona, Valentzia, Londres eta Hegoamerikatik iritsi direnak ere. Lan guztien artean hiru sari banatuko dira, hiru bideo onenek lortuko dute errekonozimendua. Aste honetan, irabazleen izenak eta haien lanak ezagutzera emango ditu 'Teknopolis'ek.

'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da 13:30etik aurrera ETB-1en eta igandean 12:00etan ETB-2n.