telebista
22:15ean
'Hollywoo' komediaren estreinaldia, gaur gauean "La Noche De…" saioan
EITB Media
Pelikularen emanaldiaren aurretik, Ryan Reynolds-Blake Lively bikotea eta Armie Hammer aktorea izango dituzte hizpide Felix Linaresen programan. Kanariar Uharteetara ere egingo dute bidaia 'Donde el cine nos llevó' tartean.
-
'Hollywoo' pelikularen irudietako bat
EITBko "La Noche De…" zinema saioak Hollywoo (2011) komedia frantziarraren estreinaldia eskainiko du astearte honetan, bikoizten duen izarra ezagutzeko asmoz Hollywoodera bidaia egingo duen film-bikoiztaile baten istorioa. Frédéric Berthe eta Pascal Serieis dira pelikularen zuzendariak, eta Florence Foresti, Jamel Debbouze eta Nikki Deloach, berriz, protagonista nagusiak.
Jeanne bikoizlea da, eta Jennifer Estatu Batuetako telesail arrakastatsu bateko antzezlea bikoizten du. Jenniferrek, baina, erretiratzea erabakiko du, eta Jeanneren bizitza hankaz gora jarriko du erabaki horrek. Ondorioz, Los Angelesera bidaia egingo du, estatubatuarra filmaketara itzul dadin konbentzitzeko. Abentura horretan, Farrés ezagutuko du, Hollywoodeko mundu zoroaren atea irekiko dizkiona.
Pelikularen emanaldiaren aurretik, Ryan Reynolds-Blake Lively bikotea izango dute hizpide Felix Linaresek aurkeztutako programan. Armie Hammer aktorea eta haren inguruko kanibalismo salaketak ere mintzagai izango dira, eta Kanariar Uharteetara ere egingo dute bidaia Donde el cine nos llevó tartean. Besteak beste, Teideren magalean filmatutako western-az arituko dira.
"La Noche de… Hollywoo", gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.