Itxi

telebista

Kirolak

Arraunaren urteko hitzordu nagusia, Donostiako Bandera, zuzenean, EITBn

EITB Media

Ikus-entzunezko taldeak ahalegin berezia egingo du igande honetan eta hurrengoan estropada bertatik bertara eta zehaztasun osoz eskaintzeko telebista, irrati zein Internet bidez.

  • Donostiako Bandera, igandean, zuzenean, EITBn

    Donostiako Bandera, igandean, zuzenean, EITBn

Igande honetan eta hurrengoan jokatu da arraunaren urteko hitzordu nagusia, Donostiako Bandera, eta bertan izango dira EITB taldeko hedabideak estropadaren ikusgarritasun eta zirrara telebista, irrati zein Internet bidez zuzenean mundu osora zabaltzen. 

Bi urteren ostean, zaletuak Donostiara itzuliko dira proba bertatik bertara jarraitzera eta hiriko giroaz gozatzera. Baina beste askok euren etxeetatik edo dauden lekutik jarraitu ahal izango dute Kontxako Bandera preziatua lortzeko lehia EITBren bitartez: ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, eitb.eus-en edo EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan. 

ETB1eko eta eitb.eus-eko emanaldia 10:40ean hasiko da eta "Gaur Egun" albistegia hasi bitartean iraungo du. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik egingo dute probaren kontakizuna, Sara Gandarak itsasotik eta Xabier Anduezak portuko arranpatik lagunduta. 13:15etik aurrera, gertatutakoaren inguruko mahaingurua gidatuko du Jon Balenziagak udaletxe aurrean kokatutako set berezitik. Bertan, Irati Larrañaga eta Ibon Gaztañazpi egongo dira analisia egiten. 

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere ahalegin berezia egingo dute estropadaren xehetasun guztiak, ertz guztietatik, uhinen bidez zabaltzeko. Manu Maritxalarrek gidatuko du Euskadi Irratiko emanaldia Patxi Egurrola alboan duela. Maitane Urbietak itsasontzitik jarraituko du proba eta Jon Hernandezek portuko arranpatik. Radio Euskadin, Asier Kareaga, Imanol Cascante eta Nagore Osoro arituko dira kontakizunean, Gorka Saavedra uretan, eta Txema Oliden eta Jagoba Arostegi Donostiako giroarekin berri emanez. 

Telebista, irrati zein Internet bidez emanaldia lau haizeetara zabaltzeko, aurpegi eta ahots hauen guztien atzean profesional talde zabala egongo da, eta baliabide tekniko aurreratuenak erabiliko ditu EITBk.