Itxi

telebista

22:30ean

'Inside Guggenheim' dokumentala, gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Ikus-entzunezkoak Guggenheim Bilbao Museoko langileen eguneroko jarduna erakusten du. Euren lanari esker 25 urte bete ditu, eta Bilbo hiriaren eragile nagusi eta nazioarte mailako ikur bilakatu da.

  • Guggenheim Bilbao Museoak 25 urte betetzen ditu

    Guggenheim Bilbao Museoak 25 urte betetzen ditu

Gaur gauean, Bilboko Guggenheim Museoaren 25. urteurrenarekin bat eginez, museoaren barrunbeak erakutsiko dituen ikus-entzunezkoa eskainiko du Euskal Telebistak. Inside Guggenheim izeneko dokumentalean, museoko langileen eguneroko jarduna ezagutuko dugu, sarritan ezkutuan geratzen dena, baina eraikinaren 25 urteko ibilbidea osatzeko ezinbestekoa izan dena. Guggenheim Museoa Bilbo hiriaren eragile nagusi eta nazioarteko mailan ikur bilakatu da. Estatu mailan hirugarren museo bisitatuena da. 

Profesional asko aritzen dira egunero museoan erakusten diren artelanen eta eraikinaren beraren mantentze lanetan. Alde batetik, biltegietan eta errestaurazio tailerretan aritzen diren kontserbazio adituen jarduna ezagutuko dute. Bestetik, erakusketen diseinua eta kokapena nola zehazten den jakingo dugu, baita artelanak leku batetik bestera garraiatu eta muntaia egiten duten profesionalena ere. Eurek gauzatzen dute arte komisarioek eta erakusketen teknikariek buruan dutena. 

Inside Guggenheim dokumentalaren bitartez, museoak behar bezala funtzionatzeko garrantzitsuak diren baina ezezagunak diren beste eginbehar batzuk ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikinaren sotoan eta kanpoko egituran egiten diren klimatizazio eta mantentze lanei buruz ari gara, hain zuzen ere. 

Azkenik, Bilboko pinakotekaren 25 urteko historiaren errepasoa egingo du ikus-entzunezkoak: museoa Bilbon kokatzeko lehen proposamena, eraikitze prozesua, erakusketa garrantzitsuenak eta ibilbideko unerik esanguratsuenak.

Inside Guggenheim filma gauean emango da 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.