albistea
1.000. saioa
''Mihiluze''ko lehiakide onenen liga berezia izango dugu aste honetan
EITB
''Mihiluze''ko 7 denboraldietan diru gehien eta egun gehien igaro dituzten bikoteak ikusiko ditugu berriro ere lehian, 5.000 euroko zakua irabazteko.
-
Ligan parte hartuko duen bikoteetako bat. Argazkia: EITB
"Mihiluze" aste honetan 1000. saiora iritsiko da. Hori dela eta, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten lehiaketak aste berezia prestatu du. "Mihiluze"tik pasatako Lehiakide Onenen Liga berezia jokatuko dute aste honetan. Hiru final erdi eta final handi bat izango ditu Mihiluzeko Onenen Liga horrek.
Bertan "Mihiluze"ko 7 denboraldietan diru gehien eta egun gehien igaro dituzten bikoteak ikusiko ditugu berriro ere lehian. Ziur aurpegi bat baino gehiago ezagunak egingo zaizkizuela. 9 bikoteak helburu bakar batekin datoz; Mihiluzeen artean mihiluzeenak direla erakutsi nahi dute eta horretarako final handian jokoan egongo den 5.000 euroko zakua eskuratzen saiatuko dira.
Onenen Liga horretan etxekoek ere ezustekoak izango dituzte. "Mihiluze"k urte hauetan guztietan saioa jarraitu duten ikusleak saritu nahi ditu. Horregatik eitb.com-en "Mihiluze"ren atarian lehiaketa bat jarri dugu martxan. Irabazleak bi lagunentzat astebeterako bidaia eskuratuko du Lanzarotera, Parisera edo New Yorkera.
Horretarako ekainak 9an, larunbatean, jokatuko den "Mihiluze"ren 1000. saioan, finalera zein bikote famatu iritsiko den asmatu behar dute. Asmatzen dutenen artean egingo da zozketa eta bidaia nora izango den bikote famatuaren azken probaren araberakoa izango da. Informazio guztia eitb.com-en Mihiluzeren atarian.