albistea
Goenkale 18
'Goenkale'k gala berezi batekin ospatuko du bere 18. urtemuga
A.A.
EITB
Asteazken iluntzean grabatuko da Miramonen, aktore eta jarraitzaile ugariren parte hartzearekin.
-
'Goenkale' 18 urte. EITB
18. denboraldia amaitzear da 'Goenkale' telesaila, eta adin-nagusitasuna lortu izana gala berezi batekin ospatuko dute. Telesailetik pasa diren aktoreak eta jarraitzaileak deitu dituzte hitzordu honetara, une historiko honen argazkia egin eta elkarrekin gau emanaldi ederraz gozatzera. Ekitaldia Miramonen grabatuko dute datorren asteazkenean, arratsaldeko zortzietan.
Loreto Mauleonek eta Joanes Passicotek aurkeztuko duten galak kantuan eta dantzan jarriko ditu 'Goenkale'ko hainbat aktore: Ainhoa Aierbe, Maria Cruickshank, Iñaki Perurena, Miren Gojenola, Martxelo Rubio, Tessa Andonegi, Asier Hernandez, Itziar Ituño, Naroa Agirre, Asier Oruesagasti, Ylenia Lopez, Mikel Martinez, Amaia Ruiz de Galarreta, Xabier Perurena, Maitena Salinas, Miren Gaztañaga, Inma Fernandez, Mikel Martinez, Maialen Velasco, Joli Pascualena eta Pepi Aranburu.
Errepertorioa euskal kantu ezagunekin osatuko dute: 'Gogoak' (Esne Beltza), 'Hegal egiten' (Itoiz), 'Guretzat' (Oskorri), 'Amets' (Gari), 'Kantuz eskertu' (Ze Esatek!), 'Negua joan da ta' (Zea Mays), 'Maite ederra' (Mikel Garikoitz), 'Zure albotik urrun banago' (Su Ta Gar) eta, agurrerako, 'Boga-Boga' abesti herrikoia.
Umore printzak ere izango ditu 'Goenkale 18' gala bereziak, Iker Galartza, Itziar Urretabizkaia, Asier Oruesagasti, Xabier Perurena eta Joseba Garmendia Tximista-ren eskutik. Horrez gain, bideoak eta elkarrizketak tartekatuko dituzte.