albistea
ETB-1 eta ETB-2n
Hezur-muinaren emaileak protagonista, aste honetako 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Gainera, papiroflexia, artea eta matematika moduan ulertzeko klabeak emango dituzte.
-
'Teknopolis', Oihana Jauregi. EITB
Aste honetako 'Teknopolis' saioak hezur-muinaren emaileak ezagutuko ditu eta donazio mota honek aurkezten dituen zailtasunak aztertuko ditu. Emaile izateko jarraitu beharreko prozesua, kasu gehienetan, oso erraza da, odola ateratzekoarekin antza handia du. Baina, datuek diotenaren arabera, 5000 emailetik bakar batek lortuko du benetako emaile izatera iristea, gaixoarekin bateragarria izatea, alegia. Horregatik da hain garrantzitsua ahalik eta emaile gehien egotea, barietate genetiko askotako zelula amak egon daitezen.
Bestalde, Internet-eko Basque Research webguneak 10 urte daramatza Euskal Herriko I + G+ Baren albisteak zabaltzen. 10 urteak minutu gutxitan laburtuko ditu 'Teknopolis'ek.
Gainera, Papiroflexiaren munduan murgilduko da saioa. Zalantzarik gabe, oinarrizko papiroflexia dira paperezko itsasontzia, paper-txoria edo hegazkina. Baina, paper bakar batekin pieza benetan konplexuak lor daitezke, eta, helburu horretan, matematika oso tresna baliagarria da. Espainiako Papiroflexia Elkarteak Bilbon egin du urteko batzarra, eta, han ikusi dugunez, artearen eta zientziaren arteko diziplina horrek ez du dekorazio-objektuak sortzeko bakarrik balio.
Amaitzeko, CIC MikroGUNE ikerketa-zentroan hainbat gaixotasunen diagnosia egin ditzaketen gailuak ari dira ikertzen eta haiekin izango da 'Teknopolis'. Lab on a chip dute izena, eta, gaixotasunak ez ezik, uraren kalitatea edo elikagaien egoera ere azter dezakete. Azkar eta modu errazean lor daiteke emaitza, eta gailu horiek, kasu gehienetan, erabilera bakarrekoak lirateke.
'Teknopolis' larunbatean eskainiko da 13:20etik aurrera ETB-1en eta igandean 11:55ean ETB-2n.