albistea
Kirol emanaldia
Suitzako itzulia hasiko da larunbatean ETBK Sat-en
A.H.
EITB
Xabier Usabiagak eta Fermin Aramendik emango dute itzuliaren berri, egunero, zuzenean.
-
Xabier Usabiaga eta Fermin Aramendi. EITB
Larunbatean, Suitzako Itzulia hasiko da Luganon, Frantziako Tourraren aurreko azkeneko proba handia izango da txirrindularientzat. Euskal Telebistak itzuliaren xehetasun guztiak kontatuko ditu eta etapa guztien berri emango du egunero ETBK Sat-en zuzenean. Xabier Usabiagak eta Fermin Aramendik egingo dute emanaldien gaineko kontakizuna. Larunbat honetan hasiko dira, 15:45etik aurrera, Luganon izango den erlojupeko probarekin. Lehenengo etapa hau 7.3 kilometroko ibilbide zirkularra da, eta 2001eko edizioan ere eman zion hasiera itzuliari.
Ondoren, arratsaldeko 18:00etan zaldi jauzien txapelketa eskainiko da, Valentzian jokatutako Global Cahmpions Tourreko proba. Nazioarte mailako zaldizko eta zaldirik onenetarikoek parte hartu zuten: besteak beste, Eric Lamaze txapeldun olinpikoa; Sergio Alavarez Moya, estatu mailako zaldizkorik onena; Kevin Staut frantziarra, Europako txapelduna; eta Edwina Tops Alexander, iazko irabazlea eta australiako kirolaririk onena.
Pilotalekuetara salto egingo du ETBK Sat-ek gauean eta 21:30ean Iruñean ospatutako banakako txapelketa partida eskainiko du. Olaizola II eta Bengoetxea VI pilotarien arteko norgehiagokaren berri, Juanan Legorburuk eta Koldo Aldalurrek emango dute. Ondoren, Bilbon ospatutako binakako pala partida eskainiko da, Fusto-Skufca eta Galán-Garma bikoteen artean, Iñigo Aiestaran eta Mikel Aierbek emango dute partidaren berri.
Goizean, 13:00etatik aurrera, El Pozo Murcia eta Caja Segovia taldeen arteko areto futboleko partida eskainiko da.