Itxi

telebista

Zesta-punta

Jai Alai Winter Serieseko final handia, 12:00etatik aurrera, zuzenean, EITBn

EITB Media

Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerika bikoteen arteko norgehiagoka zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dugu Gernika-Lumotik, 12:00etatik aurrera, ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en.

0:20
Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerika

Urriaren 31n abian jarri zen Jai Alai Winter Seriesen final handiaz gozatzeko aukera izango dugu igande honetan, otsailak 19, EITBko hedabideetan. Zesta-punta txapelketaren bigarren edizioak markak apurtu ditu: Gernika-Lumoko Jai Alai katedrala jendez lepo egon da astelehenero, eta telebistako emankizunek ere harrera bikaina izan dute. Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerika arteko azken norgehiagoka zirraragarria izatea espero da, bertokoak baitira finalistetako hiru, eta Beaskoetxea beteranoaren azken txapelketa izango da, gainera. EITBren erakusleihotik jarraitu ahal izango dugu partida zuzen-zuzenean, 12:00etatik aurrera, ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en.   

Telebistako lan-taldea Xabier Euzkitzek, Ane Muruamendiarazek, Jokin Arbek eta Ibon Aldazabalek osatuko dute. Euskadi Irratian Kepa Iribar izango dugu esatari, Aimar Aldazabal adituarekin batera, eta Aritz Gallastegi arituko da elkarrizketak egin eta pilotalekuko giroa jasotzen. Mikel Bilbaok egingo du finalaren kontakizuna Radio Euskadin. 

Beste behin, EITB Mediak bere baliabide tekniko eta profesionalak bideratuko ditu kirol emankizun bat baino askoz gehiago eskaintzeko. Antolatzaileekin elkarlanean, pilotalekuaren argiztapena indartu dute, eta hiru telebista kamera kantxa barruan egotea ahalbidetzen duten bunkerrak jarri dituzte, horietako bat txokoan. Horrez gain, beste lau kamera egongo dira pilotalekuan: goiko irudiak eskainiko dituzten bi eta jokoaren irudi geldoa erakutsiko dituzten beste bi. Bestalde, emanaldia aberasteko, pilotariei mikrofonoak jarri zaizkie. 

Zesta-puntak Euskal Herrian hasitako ziklo berriaren bultzatzaile eta aliatu bilakatu da EITB Taldea. Nola Gernika-Lumon hala EITBn, astelehen gauak eliteko zesta puntaren gau bilakatu dira, eta horrela izaten jarraituko du, ikuskizunak segida izango baitu hilaren 27an abian jarriko den txapelketa berriarekin: Women Winter Series.