albistea
22:15ean
Sanferminetako entzierrorik onenak, ostegunean, ETB-1en
A.H.
EITB
Julian Iantzik aurkeztuta, azkeneko urteetan izan diren entzierro ikusgarrienak gogoratuko dira eta korrikalarien ikuspuntutik aztertuko da ibilbidea.
Sanfermineko txupinazoaren bezperan, Euskal Telebistak azkeneko urteetan izan diren entzierrorik onenak gogoratuko ditu Julian Iantzik aurkeztuko duen saio berezi batean. Korrikalari ezberdinen laguntzarekin eta larrialdietarako osasun langileekin batera, entzierroaren ibilbidean zehar ibiliko da Julian, eta bidearen puntu berezi eta arriskutsuenak aztertuko ditu.
Julen Madina korrikalari ohiarekin mintzatuko da Julian Iantzi, bost adarkada hartu zitueneko entzierroa gogoratzen. Horrez gain, entzierrorik luzeena (15 minutukoa) eta laburrena (bi minutu inguru iraun zituena) aipatuko dituzte. 2009ko entzierroak azken urteetako bortitzenak izan ziren, hildako batekin, eta horiek ere berreskuratuko dira.
Horrez gain, Julian Iantzi Uxue Barkosekin izango da. Politikariak 2008ko sanfermineko txupinazoa bota zuen. Une hartan bizitakoaz eta oro har, jaietako giroaz hitz egingo dute. Bestalde, Patxi Zabaletarekin 'Riau Riau' martxa tradizionala berreskuratu izanaz arituko dira.
'Sanferminetako Entzierrorik Onenak' ostegun honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB-1en.