telebista
ETB2
Txurru, Inaxio Perurena eta Aitana Ávila nor baino nor gehiago sukaldean, "Tupper Club"en estreinaldian
EITB Media
Javi Sierra sukaldaria gaur gaueann itzuliko da saioaren laugarren denboraldian. Astero, pertsonaia ospetsuek sukalderako dituzten dohainak erakutsiko dituzte.
-
Javi Sierra, "Tupper Club" saoiko aurkezlea
Gaur gauean estreinatuko da "Tupper Club" saioaren laugarren denboraldia ETB2n eta eitb.eus-en. Javi Sierra sukaldariak aurkeztuta, astero, pertsonaia ospetsuek sukalderako dituzten dohainak erakutsiko dituzte. Lehen atal honetan, Egoitz Txurruka ETBko aurkezlea, Aitana Ávila reality lehiakide eta ekintzailea, eta Inaxio Perurena harri-jasotzaile eta fisioterapeuta arituko dira nor baino nor gehiago.
Recetas Rojo pasión izenburupean lehiatuko dira, gonbidatu bakoitzak osagai gorriren bat duen errezeta bat egin beharko baitu: Egoitz Txurrukak Bakailaoa piperradarekin prestatuko du; Aitana Ávilak Gernikako piperrak patata tortillaz beteak bizkaitar saltsaren gainean, eta Inaxio Perurenak Txuleta piper gorriekin.
Janaria prestatzen ikusteaz gain, partehartzaileen etxeak eta txoko gustukoenak ezagutuko ditugu. Horrez gain, bere onetik aterata ikusiko ditugu; beren bizitzako pasarte batzuk kontatzean, hunkituta edota pozik. Agian gaindituta ere agertuko dira, arlo publikoan bezain onak ez diren jarduera bati aurre egitean. Txurru, Aitana eta Inaxio oso lehiakorrak dira, beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago!
"Tupper Club"ek osagai berezienei eutsiko die: hiru gonbidatu celebrity sukaldean, sarritan, eurentzat eroso edo ohikoak ez dien egoerei aurre egiten. Orobat, euren etxeak eta bizitza pertsonalaren hainbat alderdi ezagutuko ditugu, errezetak prestatzeko lehiatzen diren bitartean.
Amaierako dastatzea El Club gunean
Laugarren edizio honetako berritasuna da prestatu dituzten errezeten azken dastatzea ez dela banaka egingo eta bakoitzaren etxean, orain arte bezala, baizik eta denak batera, El Club gunean. Aldaketa horrek elementu garrantzitsuak sartzen ditu jokoan: estrategia eta gezurra esateko eta interpretatzeko gaitasuna; izan ere, parte-hartzaileek errezetak probatuko dituzte, norberarena barne, egileen aurrean, eta ez da jakinaraziko nork egin duen bakoitza azken bozketaren ondoren.
"Tupper Club" astelehen gauero izango da ikusgai, 22:20ean, ETB2n eta eitb.eus-en.