albistea
Iparraldeko saioa
Baionako festei arreta berezia ETB-1eko 'Iparraldearen Orenean'
A.E.
EITB
Albistegiak 20 urte beteko ditu udazkenean eta berrikuntza batzuk izango ditu uda honetan.
-
'Iparraldearen orena' saioko lantaldea. EITB
'Iparraldearen Orenak', ETB-1eko eguneroko albistegiak, 20 urte beteko ditu datorren udazkenean, eta zenbait berrikuntza izango ditu uda honetan. Besteak beste, gai bati buruzko erreportaje sorta eskainiko dute. Astero gai bat jorratuko da bost egunez eta honela Patxi Perez euskal dantzaria, edota kontrabandoari buruzko oroitzapenak eta mugalarien lurraldea ezagutu ahal izan dira.
Bestalde, Baionako festei buruzko emankizun bereziak prestatzen ari da EITBk Iparraldean duen lan taldea. Ipar Euskal Herriko saioa txuri eta gorriz jantziko da uztailaren 23tik 30ra Lapurdiko hiriburuko besten berri emateko, astegunetan 19:40ean eta igandetan 10:55ean.
Eguneroko ekitaldi ikusgarrienez gain, saioan egongo dira Joanes Passicot, 'Goenkale' telesaileko aktorea eta 'Yes we Jai!' saioko aurkezle donibandarra; Lapurdiko suhiltzaileak, gauero egiten duten lanaren berri emateko, edota Etxart ahizpa kantari bikote amikuztarrak plazaratu berri duten albuma aurkezteko.
Orain arte Baionako jaietan ETBko kamerek erakutsi ez dutena azaltzen saiatuko dira Guillaume Irigoyen, Jasone Iroz, Igor Emery eta Franck Dolosor kazetariek osatzen duten lan taldeak. Baionako jaien jarraipena egingo dela ere 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan egunero.
Uztailaren 30ean, Baionako festen balantzea eskainiko du ETB1ek 19:40ean eta bertan aste osoko irudi onenen bilduma ikusi ahal izango da.