albistea
Gaur ETBK Sat-en
Olinpiar Jokoen atarikoak egingo ditu 'Bat to London' saioak
A.H.
EITB
Inaugurazio-desfilea hasi baino 48 ordu lehenago, euskal kirolari olinpikoek emozio eta sentsazioen lekuko izango da saioa.
-
Maider Unda, borrokalaria. Argazkia: EITB
'Bat to London 2012' saioak bere azkeneko emanaldia eskainiko du gaur gauean ETBK Sat-en, eta oso saio berezia izango da. Izan ere, Londresen Euskadi ordezkatu behar duten kirolari gehienek beren sentsazioak adieraziko dituzte Iñigo Asensiok aurkeztuko duen saio honetan, Jokoei hasiera emango dien inaugurazio-desfilea hasi baino 48 ordu eskas lehenago. Horrela, Londresko Jokoetako euskal ordezkaritzak esklusibaz azalduko ditu munduko kirol egutegiko lehiaketarik garrantzitsuenaren aurreko egun urdurietako bizipenak.
Horretarako, Olinpiadetan estreinako aldiz jardungo dutenen testigantzak bilduko dira (hauen artekoak ditugu Oiana Blanco judoka, Samuel Hernanz piraguista, Julen Aginagalde eskubaloi jokalaria edota Zuriñe Rodriguez triatleta), baita beterano ezagunen testigantzak ere (hiru aldiz parte hartu duen Mikel Odriozola, kasu). Azken hauen artean, batzuek ederki asko ikasi dute zer den Jokoetan garaipena lortzea (Iker eta Xabi, belan lortutako domina parearekin, edo Leire Olaberria txirrindularitzan).
Olinpiar norgehiagokaren aurreko egun hauetan euskal kirolariek dituzten sentipenak bertatik bertara ezagutzeko aukera honekin batera, saioak Olinpiar Jokoen aurreko edizioetan izandako garaipenak errepasatuko ditu. Horrela, Amberesen 1920an euskal jokalariez betetako espainiar futbol taldeak lortu zuen zilarrezko domina gogoratzeko parada izango da. “BAT to London” saioak gugandik hurbilago dauden beste garaipen batzuk ere gogoratuko ditu, hala nola, 1984an Los Angelesen Luis Mari Lasurtegi arraunlariak eta Juanma Lopez Iturriaga saskibaloi jokalariak lortutako dominak edota 2008an Beijingen eskuratutako azken metalak.
Historiaren inguruko atal honetan, azpimarratzeko modukoa izango da, euskal olinpismoari buruzko tesia landu duen Xabier Leibar adituak eskainiko duen azterketa sakona. Leibar Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko medikua da, eta Jokoen aurreko edizioetan izandako parte-hartzearen aldean aztertuko du Londreseko egungo euskal ordezkaritza, euskal kirolari olinpikoen ibilbidean bildutako pasadizoak ere gogora ekarriz.
'Bat to London' saioaren azken emanaldi honek, halaber, gure kirolariei Jokoetan lehiatzeko egokitu zaien egutegia eta kokaleku desberdinei buruzko informazio osoa eskainiko du. Horren haritik, zehatz-mehatz aurkeztuko dira norgehiagoka gehienak jokatuko diren egoitzak. Saioa gidatzeaz arduratzen den Iñigo Asensio kazetariak, bestalde, bertatik bertara ezagutu ahal izan du, Londresen, Jokoak hasi aurreko egunotan nagusitu den giroa, kirolaren lau urteroko hitzordu handi honen kariaz hartu diren aparteko segurtasun-neurriak tarteko direla.
'Bat to London 2012' asteazken honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETBK Sat-en eta ostegunean, 00:40ean ETB-2n.