Itxi

albistea

14:25ean

'Euskadi Directo' saioa urperatu egingo da asteazkenean

A.H.

EITB

Telebistan sekula egin gabeko ekintza gauzatuko du ETB-2ko saioak asteazken eguerdian: Gaztelugatxe inguruan, urpean, zortzi metro murgilduta zuzeneko konexio bat egitea.

  • Argazkia: Javier Beltran de Heredia

'Euskadi Directo' saioak telebistan sekula egin gabeko zerbait eskainiko du asteazken eguerdiko saioan: urpeko zuzeneko konexioa. Zortzi metro murgilduko dira urpekariak eta, bertatik, platoarekin bat egingo dute zuzen-zuzenean, bai irudiz, bai soinuz, ikus-entzuleei 'Stella Maris' erakusteko, duela 49 urte Gaztelugatxe inguruko uretan murgilduta dagoen Ama Birjina.

Aitzindaria izango da 'Euskadi Directo' saioan bihar bizituko den esperientzia, urpekariek, eskafandra berezi batekin, brontzezko 1,20 metroko estatua zein egoeratan den erakutsiko baitigute eta, gainera, eskaintza bat ere egingo baitiote Ama Birjinari. Gainera, urpeko kamerek inguru horretako uretan den aberastasuna ere islatuko dute.

'Euskadi Directo' saioak laguntza izan du ekintza hori antolatzeko, Nakusarbe elkartearekin eta duela mende erdi irudia urpean utzi zuen CEVAS zentroarekin batera jarduteaz gain, Eibarreko G93 telekomunikazio enpresaren eta Olatu urpekaritza zentroaren babesa izan baitute.

'Euskadi Directo' saioarekin hitzordu bikoitza izaten da egunero (eguerdiko eta gaueko Teleberriaren aurretik) eta gure etxeetara hurbileko albisteak ekartzea du helburu. Saioak oporraldirako egindako etenaren ostean, indarberrituta itzuli da eta astelehenean bertan bere marka gainditu zuen, % 20,4ko audientzia izan baitzuen.