Itxi

albistea

Reyes Pradosek aurkeztuta

Marijaia 'Euskadi Directo'ren eskutik helduko da Bilbora

A.H.

EITB

ETB-2ko saioak zuzeneko jarraipena egingo dio Bilboko Aste Nagusiaren hasierari gaur arratsaldean, 18:30etik aurrera.

  • 2012ko Aste Nagusiko kartela. Argazkia: EITB

    2012ko Aste Nagusiko kartela. Argazkia: EITB

'Euskadi Directo' saio berezia izango da arratsalde honetan Bilboko Aste Nagusiaren hasiera zuzenean emateko eta Marijaia Arriaga antzokira heltzen deneko unea erakusteko. Reyes Pradosek aurkeztutako saioak euskal hiriburuetako jaiekin duen hitzorduari lan-talde zabalarekin helduko dio berriz ere. Aurten Nerea Orizaola txupinerari, Zaratas konpartsako kideari, eta Virginia Berasategi triatletari dagokie Bilboko jaiei hasiera ematea eta ETB-2ko saioa guztiaren lekuko izango da.

Txupinazoaren eta pregoiaren aurretik, eta 18:30etik aurrera, "Euskadi Directo" saioko kazetariak Bilboko leku esanguratsuetan kokatuta egongo dira. Ainhoa Garcia erreportaria Arriaga antzokiaren barrualdean egongo da eta Iñaki Azkuna alkatearekin, Itziar Urtasun jaietako zinegotziarekin, txupinerarekin eta pregoilariarekin hitz egingo du eta, gainera, Bilboko aurpegi ezagunei eta Bilbon egunotan eskainiko dituzten antzezlanetako protegonistei emango die ahotsa, tartean, Paloma San Basiliori (My Fair Lady), Agustin Jimenezi (Antología) eta Montxo Borrajori (Golfus Hispanicus).

Javi Palacio, bestalde, Arriaga inguruan, kalean, ibiliko da bertako giroa guztioi helarazteko asmoz. Gainera, 'Euskadi Directo'k Bilboko Aste Nagusiari buruzko hainbat erreportaje ere emango du: pregoilariak haren jantziari emandako ukituak, jaietarako jantzi egokiak, Bizkaiko hoteletan eta jatetxeetan jaietan izaten duten martxa, bilbotarrek jaietarako hautatzen dituzten 'look'ak eta Areatzan gauetan izaten diren drogen aurkako testak, besteak beste, erakutsiko dizkigute.