Itxi

albistea

Estropadak

Donostiako Banderaren lehenengo jardunaldia, zuzenean, ETB-1en

A.H.

EITB

Horrez gain, '24 Ordu Kontxako Banderan' saio berezia eskainiko da gauean.

  • Kaiku arraun taldea

    Kaiku arraun taldea. Argazkia: EFE

Donostiako Banderaren lehenengo jardunaldia izango da igande honetan, eta kirol hitzordu garrantzitsu honen gaineko jarraipen berezia egingo du Euskal Telebistak. Igande goizean, 10:45etik aurrera, ETB-1eko kamerek Kontxako badiarekin bat egingo dute zuzenean, eta emanaldiaren gaineko kontakizuna Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi, Sara Gandara eta Xabier Anduezak egingo dute.

Emakumezkoen zein gizonezkoen estropadak eskainiko dira zuzenean. Emakumezkoak goizeko 11:00etan lehiatuko dira eta parte hartuko duten trainerak Zumaia, Getaria-Tolosa, San Juan eta Rias Baixas izango dira.

12:00etatik aurrera, gizonezkoen estropada izango da ikusgai. Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Astillero, Tiran, Chapela eta San Juan izango dira nor baino nor gehiago, Donostiarrarekin batera.

'24 Ordu Kontxako Banderan' saio berezia

Horrez gain, igande gauean, egunean zehar Kontxaren inguruan gertatuko dena jasoko duen erreportaje berezia eskainiko da, 22:00etatik aurrera, ETB-1en. Abuztuan izan diren jaien ostean, irailean ere jai giroari eutsi nahi izan dio Euskal Telebistak eta oraingoan, Donostiako Banderak ekarriko duenari erreparatuko diote Izaro Iraetaren eskutik. Donostiako kaiaren inguruan, arraunlari eta zaleen munduan murgilduko da '24 Ordu Kontxako Banderan' saio berezia, eta egun osoan zehar Donostiako portuan eta Alde Zaharrean biziko den giro paregabea islatuko du.