Itxi

albistea

Egunero

Ikasi ingelesa ETBn 'In English, please' saioarekin

Egunero izango dugu ikusgai, ETB-1en eta ETB-2n, Alan Griffin australiarrak gidatutako saioa. Orio Produkzioakek ekoitzitako saioak Hezkuntza Sailaren laguntza izango du.

  • Alan Griffin. Argazkia: EITB

Ingelesa ikasteko saio dibertigarri bat estreinatu du ETB-k: 'In English, please'. Orio Produkzioakek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntzaz ekoitzitako saioak Alan Griffin australiarra izango du gidari eta, bizikleta gainean, Euskal Herriko hainbat txokotara helduko da, ikus-entzuleei ingelesez hitz egiten irakasteko asmoarekin.

Astelehenetik ostiralera, 09:30ean, 13:15ean eta 19:00etan emitituko dugu saioa ETB-1en eta ETB-2n 7:45ean eta bost bat minutuko iraupena izango du. Asteburuetan, berriz, aste osoko saioekin osatutako bilduma izango da ikusgai, hogeita bost bat minutuz. Larunbatetan 10:30etan emango dugu ETb-1en eta igandetan 7:45ean ETB-2n.

Alan Griffinek urteak daramatza Bilbon bizitzen, eta ingeleseko irakasle gisa dihardu lanean. Orain, telebista bidezko ikasgaiak emango ditu eta, bide batez, Euskal Herriko hainbat txoko ere erakutsiko du. Kamera ezkutu bat, bizikleta bat eta ustekabean kalean topatutako jendea izango ditu ardatz saioak.

Telerrealitate eta kamera ezkutuko saioen kutsua izango du 'In English, please'k. Griffinek kalean galderak egingo dizkio jendeari ingelesez, esaterako, "non dago Kontxa hondartza?", "noiz da Zinemaldia?", "zenbat biztanle ditu Bilbok?"... Erantzunak kalean topatuko duen jendeak emango dituenez, batzuetan, ingeles maila oneko erantzunak izango ditugu, beste batzuetan, berriz, maila eskasagokoak.

Saioak, gainera, gramatikari eta hiztegiari eskainitako atalak izango ditu eta musikak ere izango du tartea, ingelesezko kantu ezagunak abestuko baitituzte 'In English, please'n parte hartuko duten haurrek, karaokean.

‘In English, please’ irailaren 17tik aurrera izango dugu ikusgai ETB-1en eta ETB-2n. Orio Produkzioak ekoiztetxeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak jendeak modu entretenituan eta dibertigarrian ingelesa ikastea eta, bide batez, Euskal Herriko txokoak ezagutaraztea dute helburu saio berri honen bitartez.