albistea
ETB-1en
Ezkontza bat eta hileta bat, 'Goenkale'ren atal berrietan
Datorren astelehenean hasiko da telesailaren 19. denboraldia.
Datorren astelehenean, irailaren 17an, gaueko 22:00etan, jarriko da abian 'Goenkale'ren 19. denboraldia ETB-1en. Lukas (Mikel Martinez) eta Malen (Amaia Ruiz) ezkonduko dira asteleheneko atalean. Hasierako kapituluetan jakingo dugu, baita ere, Ibik (Amaia Intxausti) eta Jokinek (Ander Barinagarrementeria) ihes egitea lortzen duten ala ez. Horrez gain, Inesek (Miren Gaztañaga) Germanekin (Asier Hernandez) joatea erabakitzen duen argituko da.
Denboraldi berriaren aurkezpena izan da ostegun honetan Donostian. Ekitaldian, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariak eta Olatz Beobide 'Goenkale'ren zuzendariak hartu dute parte. Eurekin egon dira, baita ere, hainbat aktore: Maitena Salinas, Mikel Martinez, Asier Oruesagasti, Asier Hernandez, Maria Cruickshank, Naiara Arnedo, Iñaki Perurena eta Eneko Sagardoy.
Aurten aktore berri ugari egongo da telesailean; beterano oso ezagun bi euren artean, Isidoro Fernandez eta Naiara Arnedo. Eta ikus-entzuleentzat hain ezagunak ez diren beste batzuk: Karmele Larrinaga, Eriz Aberdi, Amaia Arkotxa, Tania de Roberto, Gaizka Segi, Erika Olaizola, Xabier Erauskin, Zuriñe Benavente, Eneko Sagardoy eta Iñigo Gastesi.
'Goenkale'ren denboraldi berrian ere Madariagatarrak protagonista dira, baina orain euren botere kontuek ez dute hainbeste garrantzirik izango. Kaleko istorioei emango diote leku eta nagusitasun gehiago. Kandido (Martxelo Rubio), esate baterako, ertzain lanetara itzuliko da eta bere pertsonaiari beste kutsu bat emango dio.
Pertsonaia berriak izango ditugu istorio interesgarri hauen erdi-erdian: Garbiñe (Amaia Arkotxa), bi seme-alaba nerabe, Leire (Erika Olaizola) eta Aimar (Gaizka Segi), dituen emakume alarguna iritsi da Arraldera. Arazo ekonomiko larriak ditu eta etxea galtzeko zorian dago. Garbiñek garamatza Luperengana (Tania de Roberto) eta Jessi (Zuriñe Benavente) honen alabarengana. Etorkinak dira bi hauek, hispanoak, eta zeresanik izango dute Arralden.
Aurten, halaber , Asun (Karmele Larrinaga) eta Sabino (Eriz Alberdi) ezagutuko ditugu. Kandidoren izeba eta lehengusua dira, eta baserrian bizi dira. Ez dira berarekin ondo konpontzen, famili kontu zaharrak direla medio, eta katramila horiek azaleratu eta indarra hartuko dute.
Mireiaren (Maitena Salinas) beste familiako kide batzuk ere aurkituko ditugu Arralden: Esther (Naiara Arnedo) ahizpa, inguru guztia eta ezagun dituen guztiak hankaz gora jarriko dituena, eta Julian (Isidoro Fernandez) aita. Azken hau Mireiaren etxean jarriko da bizitzen. Istripua izan zuen eta erietatik osatzen ari da. Julianek oso izaera zaila du eta Mireiarekin eztabaida gogorrak izango ditu.
Kandidok eta Aliziak (Tessa Andonegi) Said (Eneko Sagardoy) ikasle turkiarra hartuko dute etxean. Bogan, berriz, Telmo (Iñigo Gastesi) sukaldari berria izango dute; tentazio kitzikagarria izango da Aliziarentzat gazte hau.
Azkenik, beste pertsonaia basati eta misteriotsuaren berri izango dugu: Jon (Xabier Erauskin) misiolaria. Angolan urte bete bahituta egon ondoren, Inesekin topatuko da berriro. Ines misioetan ezagutu zuen. Jon saminez eta lortu ezin diren asmoez beste, itxaropen eta maitasunez beteta duen zakuarekin iritsiko da Arraldera.
'Goenkale' astelehen eta asteartetan izango da ikusgai, gaueko 22:00etan, ETB-1en.