Itxi

albistea

Denboraldi berria

Informazio eskaintza indartuko du ETBk gaurtik aurrera

A.H.

EITB

'Forum', 'Egun On Euskadi' eta 'Hora GMT' saioak itzuliko dira ETB-2ra eta 'Azpimarra' ETB-1era. Bestalde, 'Eguraldia'ren tartea indartuko da.

  • Eguraldiko taldea. EITB

Euskal Telebistak informazio eskaintza zabalaren alde egin du, eta gaurtik aurrera albistegi tarteak indartu egingo ditu. ETBko albistegiak lider izan dira abuztuan eta emaitza onei eustea izango da asmoa, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' saioen bitartez. Halaber, kurtsoaren hasierarekin batera, eguneroko informazio saioak hasiko dira, 'Egun On Euskadi' ETB-2n eta 'Azpimarra' ETB-1en. 'Eguraldia'ri buruzko informazio tarteak indartu egingo dira bi kateetan eta albistegien eremuko beste saio batzuk ere itzuliko dira: 'Forum' elkarrizketa saioa eta 'Hora GMT' nazioarteko gaiak jorratzen dituena.

'Forum' goizeko 08:00etan

Goizeko 08:00etatik aurrera Begoña Zubieta kazetaria euskal kultura eta gizartean murgilduko da eguneroko 'Forum' saioan. Elkarrizketak kulturaren, osasunaren eta ingurumenaren leiho izaten jarraituko dute denboraldi berri honetan ere, eta literaturak pisu handia izaten jarraituko du, baita sortzaile gazte eta berriek ere. Egun-eguneko gai eta elkarrizketatzaileak izango dituzte.

Astelehenean, Begoña Zubietak Ramiro Santisteban izango du solaskide. Gonbidatuak Mauthausen kontzentrazio eremuan preso egon eta bizirautea lortu zuen. 93 urte ditu gaur egun eta gaztetan Frantziako erresistentziako kide izan zen. Aita eta anaiarekin batera borrokatu zen, naziek atxilotu eta sarraskitze esparruan sartu zuten arte. Elkarrizketan Mauthausenen ikusitako eta bizitako une latzak ekarriko ditu gogora. Handik ateratakoan zer nolakoak jasan zituen ere kontatuko du.

'Egun On Euskadi' luzeagoa

'Egun On Euskadi'k solasaldi, elkarrizketa eta berriak eskainiko ditu goizean goiz hasita, 08:30ean. Aitzol Zubizarreta eta Vanessa Sanchez izango dira saioren gidari eta gertueneko informazioa eskainiko dute, eguraldia eta trafikoaren egoerari arreta berezia eskainiz. Horrez gain, egun-eguneko albisteen berri emango dute.

Bestalde, elkarrizketa bat eskainiko du saioak egunero, euskal politika eta gizarte arloko ordezkari nabarmenekin. Euskadik bizi duen egoera politiko, ekonomiko eta soziala aztertuko dute gonbidatu bakoitzarekin. Ondoren, aktualitateko gaien inguruko solasaldia eskainiko dute eta ohiko kolaboratzaileen partaidetza izango dute. Denboraldi honetan solasaldi tartea luzeagoa izango du 'Egun On Euskadi'k; 25 minututik 45era pasako da, goizeko 10:00etatik aurrera.

Astelehen honetan, Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua izango dute gonbidatu, goizeko 09:30etik aurrera, Euskadik bizi duen egoera ekonomiko zailaren inguruan hitz egiteko. Ondoren, Josean Izarra, Juan Mari Gastaca eta Iñaki Gonzalez kolaboratzaileek elkarrizketa aztertuko dute eta egun-eguneko gaien inguruan arituko dira.

'Azpimarra' egunero eta 'Azpimarra +' asteartetan

ETB-1ek ere eguneroko informazioa saio eskainiko du. Maddalen Iriartek aurkeztutako 'Azpimarra' saioak egun eguneko gaiak aztertuko ditu arratsaldero. Tarteak gertutik jarraituko du Euskadiko egunerokotasuna, elkarrizketa eta solasaldi ezberdinen bitartez, egunero, 19:20etik aurrera.

'Azpimarra'n parte hartuko duten kolaboratzaileen artean, joan zen denboraldian parte hartu zuten solaskideak,  gizarte eta politika gaietetako hainbat aditu izango dira. Aste honetan saioan honako hauek egongo dira, besteak beste: Pilar Kaltzada idazle eta kazetaria, Mikel Izagirre UDA talde independenteko kidea, Maite Ubiria kazetaria, Mikel Anton Europako gaietan aditua, Laura Garrido PPko legebitzarkidea, Benjamin Atutxa PSE-EEko legebiltzarkidea, Koldo Ordozgoiti kazetaria, Denis Itxaso PSE-EEko Donostiako zinegotzia, Elena Laka abokatua eta Ricardo Arregi idazlea. Kolaboratzaile berrien artean Eneko Andueza izango dute, PSE-EEko zinegotzia Eibarren eta BBNNko kidea.

 'Azpimarra+' emanaldi berezia astearte gauetan izango da, 23:15ean. Egun eguneko gaiei lotuta egongo da. Aste honetan, denboraldiko lehen 'Azpimarra +' saioan, hauteskundeei buruz hitz egingo dute. Balizko emaitzak, gobernuak eta eman daitezkeen itunak aztertuko dituzte solasaldi mahaiaren inguruan, Ander Iturriotz eta Xabier Aierdi soziologoek, eta Eider Alkorta eta Asier Blas politologoek.

'Eguraldia'ren tartea indartuko da

Astelehenetik aurrera, eguraldiaren iragarpenari eskainitako tartea indartuko dute ETB-1en eta ETB-2n. Programazioan tarte garrantzitsuagoa izango du eta aurkezle taldea zabalagoa izango da. Irudi berriaz gain, E plus formula ere estreinatuko dute, informazio gehiago, parte hartze gehiago eta dibulgazio gehiago.

Orain arte bezala, astelehenetik ostiralera Andoni Aizpuruk aurkeztuko du tartea ETB-1en eta Ana Urrutiak ETB-2n. Asteburuetan, aldiz, aurkezle berria izango da: Sara Gandarak hartuko du aurrerantzean saioaren zuzendaria izango den Urko Aristiren lekukoa, Aristi bera kalera irtengo baita eguraldiarekin lotutako hainbat kontu erakusteko.

Horrela, 'Eguraldia' saio berriak erreportaje ezberdinak eskainiko ditu, meteorologia, zientzia eta ingurumenaren gainekoak: toki zehatz bateko eguraldi ezaugarriak nolakoak diren herritarren euren ahotik jakingo dute, eguraldiaren ikerketan diharduten erakunde desberdinak ezagutuko dituzte bertatik bertara, oinarrizkoak diren hainbat hitz azalduko dituzte asteroko Eguraldipedia izaeeko atalean, eta batez ere ikusleen zalantza eta kezkak argitzen saiatuko dira. Horretarako, sare sozialetako presentzia ere indartu egingo dute, harremana zuzena eta momentukoa izan dadin.

Asteburuari begira, norberak bere herrian edo ekitaldi zehatzen batean zein eguraldi izango den jakin nahi badu, iragarpena egingo zaio propio bere galderari erantzunez. Horrez gain, ikusleen argazkiak jasotzen eta erakusten jarraituko du saioak, baina horretaz gain, parte hartze hori indartze aldera, eta interneteko lankideen laguntzaz, erronka zehatza botako diote astero ikusleei, gai zehatz baten gaineko materiala eskatuz.

Edukian ez ezik, itxuran ere, aldaketa nabariak emango dira. Orain arte plato birtualean egiten ziren eguraldi tarteak, kroma erabiliz. Aurrerantzean, ordea, pantaila erraldoi bat erabiliko dute azalpenak emateko. Irudi aldetik aukera handiagoa eskainiko die eszenatoki berriak, eta batez ere itxura berriagoa eta modernoagoa eskainiko dio Eguraldiari.

Ostegunetan, 'Hora GMT'

Ostegun gauean, Ana Aizpirik aurkeztutako 'Hora GMT' saioak bere denboraldi berriari ekingo dio, eta nazioarteko informazioaren gaineko azterketa sakona eskainiko du astero. Etapa berri honetan, internet bidezko komunikazioa indartu nahi izango du saioak, erabiltzaile eta ikus-entzuleak alde batetik, eta adituen komentario eta adierazpenak bestetik, harremanetan jartzeko leiho moduan. Horrez gain, 'Hora GMT'k ETBren korrespontsal sarearekin harreman zuzena eta etengabea izango du, munduko mutur ezberdinetan gertatzen denaren gaineko informazioa, bertatik bertara azaltzeko helburuarekin.

Denboraldiko lehenengo saioak hainbat gai jorratuko ditu. Eskoziako independentziarako erreferenduma jarriko dute mahai gainean. 'Hora GMT'k Renoko Unibertsitateko Xabier Irujo irakaslearekin aztertuko du gaia. Eskozia izango ote da Europar Batasuneko kide berria?

Bestalde, Kolonbiako gobernuak eta FARCeko gerrillak hasiko dituzten negoziazioak gertutik jarraituko ditu 'Hora GMT'k. Zergatik izango du negoziazio honek arrakasta, auretik adostasuna lortzeko sei  aldiz ahalegingo direnean? Carlos Malamud Elcano Instituto Errealeko Hego Amerikako ikertzaile nabarmenenak negoziazio prozesu horren nondik norakoak aztertuko ditu Ana Aizpirirekin.