Itxi

albistea

Seigarren urtez

Bilbo, Manhattaneko Film Laburren Jaialdiaren hiriburu

Bilbotarrek 2012eko Manhattan Short Film Festival jaialdian parte hartzeko eta botoa emateko aukera zango dute.

Bilbo 2012ko Manhattan Short Film Festival jaialdiaren hiriburu bihurtuko da gaur eta bilbotarrek bertan parte hartzekoeta botoa emateko aukera izango dute.

Bost kontinenteetako 250 hiritan 100.000 lagun baino gehiago elkartuko dira jaialdiaren 14. edizioa jarraitzeko. Zinema, galeria, museo eta kafetegietan bilduko dira film laburrez gozatzeko, eta irabazlea euren botoen bidez aukeratzeko. Bilbok Jaialdiaren azken bost edizioetan hartu du parte, eta irabazlea mundu osoko ikuslekin batera aukeratu ahal izan du.

EITBk antolatutako jaialdia Bilboko Kultura eta Hezkuntza Saila eta Cineclub FASen laguntzarekin, EITBko Multibox aretoan jarraitu ahal izango da, irailaren 28an, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldia irekia da, eta parte hartu ahal izateko manhattanshort@eitb.com helbide elektronikora izen-abizenak bidali behar dira.

One Week, One World, One Festival goiburuak adierazten du Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizio honetako 10 film labur finalisten emanaldiak antolatuko dira, eta publikoa izango da irabazlea aukeratuko duena. Ikusle bakoitzak boto-txartel bat jasoko du emanaldiara sartzen denean, eta proiektatutako film laburren artean gogokoenari eman beharko dio botoa. Proiekzioa bukatutakoan txartelak jaso, eta zenbaketa egingo da. Bozketaren emaitza e-mail bidez bidaliko da Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, irabazlea datorren urriaren 7an jakinaraziko da, New York hirian egingo den ekitaldi batean.

Hawaii, Finlandia, New York, Servia, Vietnam, Brazil, Zimbabwe, San Frantzisko… eta Bilbo.


HAMAR FILM LABUR

Irailaren 28an EITBren egoitzako Multibox Aretoan 10 film labur finalistak izango dira ikusgai:
- “The devil´s ballroom”. Henrik M Dahlsbrakken (Norbegia)
- “A curious conjunction of coincidences”. Joost Reijmers (Herbehereak)
- “Where does the sea flow”. Vitaly Soltykov (Errusia)
-“Two & two”. Babak Anvari (Erresuma Batua)
-“Cluck”. Michael Lavelle (Irlanda)
-“Behind the mirrors”. Julio O Ramos (Peru)
-“The elaborate end of Robert Ebb”. Clement Bolla, Fx Goby, Matthieu Landour (Erresuma Batua, Frantzia)
-“Superman, Spiderman or Batman”. Tudor Giurgiu (Errumania)
-“92 Skybox Alonzo mourning rookie card”. Todd Sklar (EE.BB.)
-“Voice Over”. Martin Rosete (Espainia)