albistea
21:45ean
Derbiaren inguruko 'Kontuz, Atsuak!' saioa, igandean, ETB-1en
A.H.
EITB
Maikrux eta Maikarmen bi taldeetako jokalariekin izango dira, eta zaleen artean murgilduko dira larunbateko partidaren inguruko giroarekin bat eginik.
-
Kontuz Atsuak! derbian
Igande honetan, 'Kontuz Atsuak!' saioak Real-Athletic derbiaren gaia jorratuko du, larunbatean Anoetan jokatuko den partida probestuz. Horrela, Maikrux eta Maikarmen hara eta hona ibiliko dira derbirako porra eskatuz; ea nork asmatzen duen. Pello Zabalari ere galdetuko diote: Arantzazuko Ama Birjina zeinen alde ote dago?
Gainera, elkarrizketa sakona izango dute Joseba Egibarrekin, baina erne, oso elkarrizketa berezia izango baita, bizikleta gainean egongo baitira hirurak. Iñaki Antiguedadekin ere egongo dira, non eta Bilboko Iberdrola dorrean, bertatik Bilbo osoa ikusten delarik.
Realeko eta Athleticeko jokalariekin ere izango dira, karameluak banatuko dituzte, baita surtido kuetarak ere. Bestalde, Realeko Illarramendi eta Zurutuzarekin elkarrizketa mamitsua egingo dute, Zubietatik abiatu eta Anoetaraino, eta nola ez, derbiko zelaia izango dena hezurmamituko dute.
Jose Anjel Iribarrekin ere izango dira Lezaman, 50 urtebete baitira bere lehen partidatik. Baina ez hori bakarrik, primizia handia izango dute ikus-entzuleek. Izan ere, bere garaian, gaztetan, Maikruxekin ibilia omen zen Iribar.
Erreferenduma ere izango dute: futbolera eramateko zer hobea, txorixo tortilla ala urdaiazpikoarena? Ea zaletuek zeren alde egiten duten. Eta jakina, derbiaren egunean bertan, Donostian murgilduko dira, bertako giroa lardaskatzen.
'Kontuz, Atsuak!' igande honetan emitituko da 21:45etik aurrera ETB-1en.