Itxi

telebista

Gernikan

'Gernika bajo las bombas' 'TV movie'aren emanaldi berezia Gernikan

Gernikako Lizeo antzokian izango da, ETB-2ko 'La Noche de' barruan egingo den estreinaldiaren bezperan.

  • Gernika bajo las bombas

    Gernika bajo las bombas

Luis Mariasek zuzendutako bi ataleko 'Gernika bajo las bombas' 'tv movie'aren emanaldi berezia izango da Gernikako Lizeo antzokian 19:00etan. Hurrengo egunean 'La Noche de' bereziaren barruan estreinatuko da ETB-2n.

Emanaldi berezira joateko gonbidapenak, eguerdiko 12:00etatik 18:00etara bitartean Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri. Ordurako agortu ez balira, Lizeo Antzokiko lehiatilan 18:00etatik 19:00etara hartu daitezke.

Aurkezpenean besteak beste, EITBren izenean Patxi Arratibel EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanen zuzendaria eta Joseba Arruti Radio Euskadiko zuzendaria egongo dira. Horrez gain, Luis Marias zuzendari eta Lander Otaola aktoreak eta Edu Barinaga Baleukoko produktore eragilea ere egongo dira Gernikan.

Gernika bajo las bombas lanak bi atal izango ditu, 75 minutukoa bakoitza. Elkarren artean lotura duten hainbat istorio kontatuko dituzte. Istorioetako batzuk benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri; beste batzuk, berriz, fikziozkoak. Kontakizun anitz hauen lotura, Gernikako herriak 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioarengandik jasandako eraso ikaragarria.

Aktore taldean, Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak hartzen dute parte. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek. Horrez gain, gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du.

Ekoizpenean lan-talde zabala aritu da: 60 teknikari, 43 aktore eta 700 lagunetik gora aritu dira figurante. Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen ibili dira filmatzen. Donostian, hain zuzen ere, Miramar jauregian, Aieteko jauregian eta Villa Soroan barruko irudiak filmatu dituzte.

Proiektu honetan, Luis Mariasekin batera, Aitor Vitoria arituko da zuzendari laguntzaile. Asier Bilbao ekoizpenaren zuzendaria da eta Mikel Huercanos produkzio buru. Pau Monras argazkiaren zuzendaria eta Pello Villalba zuzendari artistikoa. Musikaz Jose Ramon Gutierrez Hermida arduratu da, Josune Lasa jantziez eta Eva Alfonso makillajeaz. Natalie Garcia eta Eduardo Barinaga dira produktore eragileak.

Ekoizpen honetan, Vértice 360º enpresaren eskumeneko diren Erpin 360º eta Vértice Cine enpresek eta Baleuko ekoiztetxeak hartu dute parte. Natalie Garcia eta Eduardo Barinaga dira produktore eragileak.

Elkarren artean lotura duten hainbat istorio

Elkarren artean lotura duten hainbat istoriok osatzen dute filma. Horietako batek 17 urteko Txato du protagonista, guraso langileen seme inmigrantea. Jesusen istorioa da bestea, Txatoren lagun mina, familia karlistakoa. Marinaz maiteminduta dago Txato. Neskak, ordea, Angel du gogoko, gazte bihurri eta Miarritzera ihes egin duen familia aberatsaren semea.

Hau jazotzen den unean bertan, Mola Generala, Espainiako Iparraldeko erreboltarien burua, Bilbon sartzeko plana lotzen ari da. Bere aginduetara dago Von Richtofen koronela, Condor Legioa alemaniarraren burua.

Eta azkenik, kanpoko begiraleak ere badu zer esanik, George Steer berriemaile britainiarra, alegia, errepublikarren aldekoa eta kausa errepublikarraren defendatzailea.