albistea
Astelehenean
Kezkak izango dira nagusi, 'Goenkale'n
Kandidok Ertzaintzaren lan-eskaintza onartuko du, eta horrek hainbat kezka eragingo du. Malenek, berriz, egia jakingo du.
-
Argazkia: EITB
'Goenkale' telesailaren hurrengo atalean, kezkak izango dira nagusi. Gainera, hainbat harremanek aurrera egingo du.
Kandidok Ertzaintzaren lan-eskaintza onartuko du. Nekane harrituta utziko du erabaki horrek, eta are gehiago harrituko da Ibon, ez baitago oso eroso neska lagun ohiaren aita lankide izango duela jakinda.
Ines, aldiz, komentua uzteko irrikaz dabil, eta hori jakinaraziko dio Germani: ez du gehiago itxaron nahi; harekin batera osatu nahi du bere etorkizuna.
Garbiñeren eta Julianen arteko harremanak ez du hobera egingo. Biek sartzen dute hanka etengabe, eta Julianek arriskuan jarriko du guztia burugogorkeriagatik.
Bogan, berriz, gauzak konpontzen hasiko dira. Igone errudun sentituko da Alizia gainezka sumatzen duelako, eta Telmo, haren iloba, kontratatzeko proposamena egingo dio, lagun diezaion.
Malen gaizki pasatzen ari da, eta zurrunbilo batean murgilduta dabil. Lukasi jarraituko dio, eta egia, edo egiaren zati bat, behintzat, jakingo du.
Azkenik, Sabinok eta Garbiñek elkarrekiko sentimenduei eutsiko diete, eta, bien zabarkeriak gorabehera, primerako gaua igaroko dute elkarrekin.