albistea
Audientzia oharra
'Euskadi Pregunta a Iñigo Urkullu', eguneko saiorik ikusiena Euskadin
A.E.
EITB
'Euskadi Pregunta a'k oihartzun zabala izan du. Atzo eskainitako saioak arrakasta handia izan zuen; %18,5eko audientzia zatia lortu zuen.
-
Iñigo Urkullu eta Africa Baeta
'Euskadi Pregunta a Iñigo Urkullu', ETB-2n Africa Baetak aurkeztutako albistegi berezia, eguneko saiorik ikusien izan zen Euskadin. Lider izan zen ordutegi nagusian, %18,5eko audientzia zatia eskuratuz. 30 lagunek EAJ-PNV alderdiko lehendakarigaiari egindako elkarrizketak 144.000 ikus-entzule izan zituen bataz beste, Euskadin eta eragin eremuan. Gainera, 365.000 pertsonek bat egin zuten saioarekin emanaldian zehar. Eman diren lau 'Euskadi Pregunta a' saioetatik ikusiena izan zen atzokoa.
Horrez gain, Aitzol Zubizarretak aurkeztuta, elkarrizketa aztertzeko ondoren eman zen eztabaidak ere ordutegi nagusian lidergo horri eutsi zion: %17,1eko audientzia zatia lortu zuen eta 189.000ko audientzia metatua.
'Euskadi Pregunta a' saioaren osteguneko atalak itxi du ETB-2ko lehendakarigaiei egindako elkarrizketa sorta. Katearen apustu honek lau alderdi garrantzitsuenen hautagaiekin elkarrizketak eskaini ditu, eta euskal gizartearen ikusmina piztu du atalez atal. Bataz beste, %13,6ko audientzia zatia lortu du saio sortak. Halaber, 300.000 ikus-entzule baino gehiagoko audientzia metatua izan du bataz beste.
Horrez gain, elkarrizketen ondoren eskainitako eztabaidek ere audientziaren harrera ona izan dute: bataz beste, %11,6ko audientzia zatia eta 150.000 ikus-entzule baino gehiagoko audientzia metatua.
Galderarik interesagarrienak
eitb.com-en prestatutako 'Euskadi Pregunta a'ren web bereziaren bidez saioan parte hartzeko aukera izan dute erabiltzaileek. Hartara, azkeneko atal honen galderarik interesgarrienak aukeratzeko inkestan, honako bi galdera hauek izan dituzte orain arte botorik gehiena: Bilboko Esther Garciak enpresa txiki eta ertainak laguntzeko kredituez galdetu zion, eta Errenteriako Asier Rufok monarkiaren abolizioaz itaundu zuen.