Itxi

albistea

11:00etan

La Cita de la Empresa Vasca, ETB-2n

A.H.

EITB

Euskadiko Kutxak eta EITBk antolatutako ekitaldiak Gerdau enpresako Jose Antonio Jainaga, Lantek, Luis Cañada Vicinay eta Eibarko Armeria eskola saritu ditu aurten.

  • La Cita de la Empresa Vasca. Argazkia: EITB

Astelehenean Bilboko Campos Eliseos antzokian ospatutako La Cita de la Empresa Vasca ekitaldia izango da ikusgai ETB-2n, goizeko 11:00etatik aurrera. Aurtengo sarituak honako hauek izan dira: Jose Antonio Jainaga Gerdau taldeko kontseilari delegatua, Lantek enpresa, Luis Cañada Vicinay eta Eibarko Armeria Eskola. Euskadiko Kutxak eta EITBk antolatutako ekitaldiak, Cinco Días eta Estrategia Empresarial aldizkarien partaidetzarekin, Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua izan zuen buru.

Jose Antonio Jainagak jaso du aurtengo Euskal Manager saria. Altzairuaren esparruan diharduen Gerdau talde multinazionaleko kontseilari delegatua da Jainaga. 20 urte eman zituen Michelinen lanean ingeniari industrial honek eta, besteak beste, Europa mailan zuzendari izan zen turismoen pneumatikoen sailean. 1988. urtean Sidenorren ardura hartu zuen eta Sidenor Gerdauren barruan sartzean, bertako kontseilari delegatu izendatu zuten.

Vitoria-Gasteizen egoitza duen Lantek enpresari Berrikuntzaren saria eman diote. Lantek-ek metal industriarako softwarea egiten du. Munduan lider da salmentetan, kontinente guztietan (bere salmentetatik %80). Berrikuntza oinarri duten garapen produktuak egiten dituzte. Alberto Martinez Lantek-eko gerenteak hartu du saria Campos Eliseos antzokiko ekitaldian.

Enpresagintzan egindako ibilbide luzearen saria, berriz, Luis Cañada Vicinayri eman diote. Vicinay Cadenas-eko zuzendari nagusi ohiak 40 urte egin du lan bertan. Off shore delakorako kateak egiten lider da Vicinay Cadenas. Familia- enpresa da, duela 250 sortu zen, eta Luis Cañadasek kokatu du lider postuan.

Edizio honetan sarituak aukeratzeko epai-mahaia honako hauek osatu dute: Jose Maria Vazquez Eguskiza, CEBEKeko presidentea; Peio Guibelalde, ADEGIko presidentea; Pascal Gomez, SEAko presidentea; Belen Kortabarria, Mondragon-eko Finantz Kudeaketako zuzendaria; Carlos Pujana, Izar Tools-eko presidentea; Juan Luis Irazabal, MAIER S.Coop taldeko zuzendari nagusia, eta Javier Madariaga, Ingeteam-eko presidentea.

Azkenik, ekitaldiaren antolatzaileek Makilarekin gailendu dute Eibarko Armeria Eskola bere ehungarren urtemugan. 1912an sortu zen Armeria Eskola udalaren ekimenez. Ehun urte hauetan enpresen bilakaera bultzatu du eskualdean ez ezik, Euskal Herri osoan ere. Eskola horretatik ekintzaileak eta euskal enpresa garrantzitsuenetako koadro profesionalak atera dira.