Itxi

albistea

Azaroaren 1ean

'DBH': irakasle xelebreenen gorabeherak bilduko dituen telesaila

ETB-1ek azaroaren 1ean estreinatuko du Ramon Agirre, Elena Irureta, Mikel Martinez, Joseba Apaolaza eta Sara Cozar, besteak beste, bilduko dituen kamera finkoko telesaila.

  • 'DBH': irakasle xelebreenen gorabeherak bilduko dituen telesaila

    'DBH'ko irakasle-taldea. Argazkia: EITB

'DBH'ko irakasle gela zabaltzear da. ETB-1ek azaroaren 1ean estreinatuko du euskal institutu bateko irakasle taldearen xelebrekeriak bilduko dituen telesaila.

Kamera finko baten aurrean aurrera eta atzera ibiliko diren hezitzaile horien gorabeherak eta estutasunak izango ditugu ikusgai 'DBH' telesailean, umorea ardatz gisa hartuta.

Arazoak besteen mende utziko dituen Ramon Agirre izango da institutu horretako zuzendaria; Elena Irureta Gizarteko irakasle antisoziala izango da; Joseba Apaolaza Heziketa Fisikoaz arduratuko da, eta izerdi patsetan jarriko ditu guztiak; Mikel Martinez ezohiko Euskara irakaslea izango da; Sara Cozar Musika irakasten arituko da, sinfonia bat bezain gozoa berau; Matematikako irakasle Xabi San Sebastian kontuak ongi egin ezinda ibiliko da; Nagore Orbeltzuk Natura irakatsiko die ikasleei; eta, azkenik, Asier Sota Plastika irakasgaiaz arduratuko da eta edozein une probestuko du bere artea erakusteko. Irakasleen arteko solasaldiak izango dira nagusi telesail berri honetan.

Formatu aldetik berritzailea izango da. Batetik, ostegunetan ordutegi nagusian emitituko da berrogei minutuko iraupenarekin; bestetik, astelehenetik ostegunera, hamar minutuko kapitulutan zatituta emango dugu ordutegi nagusian ikusgai izandako saio osoa.

Mikel Pagadik eta Egoitz Lasak idatzitako telesaila da, eta Nagore Aranburuk zuzenduko du. Anartz Zuazua arduratuko da aktoreen zuzendaritzaz, eta K 2000k, Txintxetarekin batera, ekoitziko du telesaila.